Jaun eta jabe!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko ira. 27a, 12:00

Haritz Etxeberria 'Ministro' (bertsolaria)

Beñat Lizasok Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioan kantatu zuen, igandean (irailak 25ean). Hau, Haritz Etxeberria 'Ministro'-k saioari buruz egindako kronika duzue: "Bere doinu berriarekin ekingo ziola esan zidan kotxean: 'Indartsu hasi nahi diat, urtean 400 bertsozaleren aurrean abesteko aukera gutxi izaten diagu eta aprobetxatzera nitxiak'...".

 

Lazkaoko Areria antzokian jokatu zen final-zortzirenetako laugarren saioa. Aretoa leporaino beteta, giro beroa, azpeitiar asko joan ginen Beñat animatu eta saio ederraz gozatzera. Tamalez, ez zen denentzat sarrerarik eta batzuk sartu ezinik geratu ziren.

Arratsaldeko bost eta erdietan hasi zen saioan Beñat Lizaso, Beñat Iguaran, Nahikari Gabilondo, Adur Gorostidi, Iban Urdangarin eta Unai Muñoa aritu ziren kantuan. Beñat Lizaso zen aurrena hasten. Bere doinu berriarekin ekingo ziola esan zidan kotxean: "Indartsu hasi nahi diat, urtean 400 bertsozaleren aurrean abesteko aukera gutxi izaten diagu eta aprobetxatzera nitxik". Bai indartsu hasi ere, momentu batean uste nuen albokoaren betaurrekoak hautsi behar zirela. Ikarragarria da Lizasotarren eztarria. Bera ere ohartu zen horretaz eta handik aurrera mikroari tamaina hartzen hasi zen; Iban ez zen ohartu, ordea, eta ia tinpanoak izorratuta bukatu genuen bafle ondoan geundenok.

Iparragirreren doinuan ekin zioten, txukun aritu ziren denak. Ondoren zortziko txikian hasi ziren. Gai-jartzailearen akats bat medio, entzuleen artean zurrumurruak izan ziren Beñatek gaia ondo ulertu ote zuen..., baina azkenean sustu hutsean geratu zen. Puntu erantzunak eta 'hitza' ondoren zortziko handian. Hor hasi zen nire iritziz Beñat indartzen; besteak nekatzen ari ziren heinean, Beñat gero eta errazago. Kartzelako gaia: “Armairua ireki eta soinekoari begira zaude berriz ere”. Ezkontza eguneko soinekoari abestu zion.

Bukatu zuenean lasaitu ederra hartu zuen, ongi zekien bere lanak txukun egin zituela eta irabazteko aukerak ere bazituela. Beraz, emaitzak ez gintuen inor harritu. Beñat Lizaso nagusi 480,5 punturekin. Zorionak, Beñat!

Urolako trenaren lehen bidaia amaitu da. Hurrengo geltokia: Elgoibar. Aupa, Jokin!