Erraz ez, errazegi!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko urr. 4a, 12:00

Haritz Etxeberria 'Ministro' (bertsolaria)

Jokin Urangak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioan (urriak 1) egindako lanaren kronika idatzi du Haritz Etxeberria 'Ministro'-k: "Bere burua ez zuen estutu; eta estutu gabe ez da zuku goxorik irteten!". Saioa irabazi zuen Urangak.

Arratsaldeko lauretarako iritsi ginen Elgoibarrera Jokin eta ni. Herriko antzokian, sei bertsolarien argazki eta guzti (Joxe Munduate, Jokin Uranga, Unai Gaztelumendi, Oier Aizpurua, Mikel Arrillaga eta Egoitz Eizagirre), final-zortzirenetako bosgarren saioa iragartzen zuen kartela ikusi bezain pronto esan zidan Jokinek: "Gaur final laurdenetako txartela eskuratu ezkero nahikoa diat!". Nik esan nion besteak ikusita, berak zituela aukera gehien aurrena egiteko. "Bai bazakiat, baina horretxek ematen zizkidak buruhausterik gehienak. Ardura handia duk saioko listoia hik jarri beharra".  

17:30ean hasi zen saioa, herri antzokia goraino beteta (400 lagun). Agurren ostean Iparragirreren doinuz ekin zioten. Nire iritziz, hiru bertso horietan garbi utzi zuen noraezean igeri zebiltzanen artean olatuak hartu eta nahi zuen tokira joaten bazekiela. Ondoren zortziko txikiari ekin zioten. Hor ere erraz gailendu zen; lehendakariari ironi handiz esan zion berak ere sukaldean pixka bat egin beharko duela… 

Zortziko txikia atzean utzi eta puntuak erantzunez eta oina emanda bertsoak osatu behar izan zituzten ondoren bertsolariek. Puntuei erantzutea lan nekeza izan ohi da, eta puntua bera txarra bada, zer esanik ez. Oina emanda, denak ere, txukun ibili ziren.

Zortziko handian hasterako nabaria zen Jokinek irabaziko zuela; "Baita hiru poto eginda ere" genion azpeitiar askok. Jokin ere horren jakitun zela iruditu zitzaidan eta txirrindulariak bezala atzera begiratu eta besteak etorri zain geratu zela zirudien; "zertan arriskatu!". Horregatik diot Jokinek errazegi irabazi zuela. Bere burua ez zuen estutu; eta estutu gabe ez da zuku goxorik irteten!