Atari-atarian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko urr. 10a, 12:00

Laxaro Azkune

Urko Egañaren Gipuzkoako final-zortzirenetako saiora Haritz Etxeberria 'Ministro'-k joaterik ez eta haren jarraipena Laxaro Azkunek egin du. Egañak, Iñaki Zelaia, Manex Mujika, Haritz Casabal, Alaia Martin eta Asier Sasieta bertsolariekin kantatu zuen, Egoitz Aizpuru aurkezle lanetan zela. Ez zuen final-laurdenetara sailkatzea lortu.

Giro ederra Pio XII. plazan, Amaia Antzokiaren ondoko tabernako terrazan eserita egoteko. Goizeko eguraldi lanbrotsuaren ondoren pena eta guzti ematen zuen halako eguraldi bikainarekin barrura sartzeak.

Final-zortzirenetako azken saioa zen; hor argituko zen zein izango ziren hurrengo kanporaketan parte hartuko zutenak.

Final-zortzirenetan hiru bertsolari azpeitiarrek hartu dute parte. Beste bi saiotan irabazle izan dira Beñat Lizaso (Lazkaon) eta Jokin Uranga (Elgoibarren). Hirugarrena Urko Egaña genuen, Irunen kantatu behar zuena. Tamalez ez zuen beste bien zorterik izan. Laugarren postuan geratu zen eta final-laurdenetara sailkatzeko ate-atean gelditu, 25. postuan, Xabier Sukiarekin berdinduta. Izan ere, 24 sailkatzen ziren hurrengo faserako. Hauxe izan zen Egañaren lan saioa:

Lehenbiziko lana “Iparragirre” doinuan ofiziotan

Haritz Casabal eta Urko Egaña: Euskal musika talde bateko bi kide dira. Ingelesez ere kantatu nahi du Casabalek; Urkok euskaraz bakarrik, zen gaia. Arrazoiak ongi borobilduz aritu ziren biak, elkarri erantzunez, baina Urkok hirugarren bertsoaren bukaeran zalantzatxo batzuk izan zituen eta ez zuen ongi borobildu.

Bigarren lana zortxiko txikian ofiziotan:

Urko Egaña eta Alaia Martin. Gaia: Aita-alabak dira. Urko, aita, hilabetean dago, asko kostata, erre gabe. Gaur etxeratzean tabako kiratsa usaindu dio alabari. Bizi aritu ziren arrazoi politak emanez. Bakoitza bere paperean. Zortxiko txikiko saio politena izan zen nire ustez biek egindakoa.

Bi puntu erantzun eta hitza/oinari bertsoa.

Txapelketaren inguruko bi puntu izan zituen Urkok eta ongi erantzun zituen. Hitza/oina MUGA zuen eta, hemen ordea, ez zuen gehiegi gozatu.

Zortziko handian ofiziotan hurrengo lana.

Iñaki Zelaia eta Urko Egaña: Gaia: Polizia atzetik zenutelako Euskal Herritik ihes joan zineten orain 30 urte. Gaur zuei leporatzen zizuetena preskribatuta dago. Zalantzan zaudete itzuli ala ez. Zelaia Euskal Herrira bisitan bakarrik etorriko zela esanez hasi zen, eta Urkok, oraindik are gogorrago, ez datorrela Euskal Herrira esanez erantzun zion. Zelaiak orduan aldatu egin zuen bere planteamendua eta Euskal Herrira etortzeko asmoak agertu. Urko bere ezetzean mantendu eta azkenean Sarri, beren lagun-taldean duela ere eman zuen aditzera.

Azkenik Kartzelako lana.

Gaia: Kalera irten eta paseoan zoazela nahi ez zenuen leku batera iritsi zara.

Egañak bere semea, Haritz, kotxeak harrapatu eta hildako lekura egin zuen ustekabeko bidea. Lan polita.

Saioa ez zen Txapelketa honetako onenetakoa izan. Izan ziren ale ederrak eta puntuazioa entzun aurretik hor nonbait ikusten genuen Urko Egañak ere izan zezakeela agian sailkatzeko aukeraren bat eta hara, muga-mugan gelditu. Prestaketa-lanak ongi egin zituen seinaleak eman ditu, doinu berri batekin azaldu zaigu agurretan eta bertsotan ari zela ere seguruago eta hizkuntza landuta duela erakutsi du. Poztekoa da, bertsotarako zaletasunari eustea eta lanerako ilusioa mantentzea. Jarraitzera gonbidatuko genuke, bertsotan gozatzen duenaren seinale izango baita hori, eta ez da hori baino arma hoberik entzuleak gozarazteko ere.

Azkenik, sailkapenak eta hurrengo bertso saioetarako taldeak eginda gelditu dira:

Azpeitiko taldea, azaroaren 6an, honakoa izango da: Iker Zubeldia, Jokin Uranga, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” Iñaki Apalategi, Ane Labaka eta Unai Muñoa .Final-laurdenetako azken saioa izango da Azpeitikoa. Lehenengoa, berriz, Oñatin izango da hil honen 22an, larunbatean, eta han Beñat Lizasok kantatuko du.