Euskal sortzaileen I. topaketak izango dira uztailaren 2an eta 3an Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2012ko eka. 12a, 18:20

Ahotseneak antolatu du, "euskaraz sortzen dugunok elkar ezagutu, euskal sorkuntzaren egungo egoera elkarrekin aztertu eta balizko irtenbideak proposatzeko" helburuarekin. Azpeitiko Kultur Mahaiak lagundu egingo dio.

Euskal sortzaileen I. topaketak antolatu ditu Ahotseneak, "euskaraz sortzen dugunok elkar ezagutu, euskal sorkuntzaren egungo egoera elkarrekin aztertu eta balizko irtenbideak proposatzeko" helburuarekin.

Uztailaren 2an eta 3an izango dira topaketak, Azpeitian, Kultur Mahaiak lagunduta.

Parte hartzeko deitu dituzte idazleak, musikariak, aktoreak, bertsolariak, gidoilariak, zuzendariak, dantzariak, margolariak, eskulturagileak, irudigileak... Izena eman nahi duenak info@ahotsenea.net helbidera idatzi behar du.

"Politika egiteko kultura berria aldarrikatzen den sasoiotan, kultura politika berriak eskatzera gatoz, Euskal Herriak ez baitu gaurdaino ezagutu bere kultura jaso, gorde, maitatu eta transmisioaren bitartez biziraupena bermatzeko ganorazko ahaleginik erakunde publiko edota alderdi politikoengandik", dio Ahotseneak. "Eraginkorrak izango diren kultura politikak hausnartu, eztabaidatu eta adosterakoan, gutaz ahaztu egiten dira edo gutxi batzuk ezertarako balio ez duten foroetara deitzen gaituzte".

Ondorioz, euskal sortzaileek ekimena hartzea erabaki dute. "Erabakiguneak behar ditugu. Eta inork ez digunez antzeko aukerarik eskaintzen, guk geuk sortuko dizkiogu aukerak euskal kulturari".

I. topaketen egitaraua

Uztailak 2 (astelehena). Egungo egoeraren diagnosia nork bere kultura adierazpidetik, norberak bizitakotik

- 10:00-14:00.
- Bazkaria. 
- 16:00-19:00.
- 19:30: Askarako zikloaren bigarren mahai-ingurua: Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan?

Uztailak 3 (asteartea). Sortzaileok geure burua antolatu genezake?

- 10:00-14:00.