Azpeitiko soziedadeen arteko III. Mus txapelketa martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2013ko urr. 17a, 18:21
Xabier Urbistondo 'Txapi' eta Iñigo Altuna 'Patxi' —erdian— nagusitu ziren Antxietan; Lander Garate eta Josetxo Aizpuru txapeldunorde.

Dagoeneko soziedade batzuetan jokatu dituzte kanporaketak eta azaroaren 30ean jokatuko den final handirako sailkatu diren lehen bikoteen izenak atera dira. Oilo-sorok, Arauntzak, Kultur Mahaiak eta Mendizaleek jarrita dituzte kanporaketa jokatuko duten eguna. Guztira, 32 elkarte daude parte-hartzera deituta.

Azpeitiko Kultur Mahaiak antolatuta, hirugarren aldiz herriko soziedadeen arteko mus txapelketa jokatuko dute aurten ere. Deialdia, ohi bezala, 32 elkarteri egin zaie eta bakoitzak bere txokoan antolatuko du lehen kanporaketa. Lehen fase horretan finalera iristen diren bi bikoteek azaroaren 30ean (zapatua), Sanagustin kulturgunean jokatuko den soziedade guztien arteko finalean hartuko dute parte —soziedadearen izenean— eta hortik aterako da 2013ko soziedade irabazlearen izena.

Parte-hartzeko soziedade bakoitzak finkatuko du izen-ematearen bukaera, bere txapelketako egunaren arabera, eta norbera bere soziedadean apuntatu behar da (badaude kartelak). Bikoteko 20 euro da, urteroko legez. Gaur-gaurkoz, hiru elkartetan jokatu dituzte lehen kanporaketak, Ziripoten, Viveron eta Urrestillako Antxietan.

Arkumea, gazta eta ardo botila

Ohiturari jarraituz, lehen fasean 8 bikote edo gehiagok parte hartzen duten soziedadeei arkumea, ardo botila eta gazta emango zaie opari. Iaz, 11 soziedadek eraman zituzten —aipatutako hiru soziedade horiek jasoko dute aurtengoan, gutxienez—.

Kultur Mahaiak, bazkideak dituela baliatuta, soziedade bat gehiago balitz bezala jokatzen du eta aurten azaroaren 14 (osteguna) jokatuko du bazkideen arteko txapelketa. Sanagustinen, 21:30ean hasiko da. Izena emateko modua eta aukerak:

- Museko bikote batean gutxienez bietako batek izan beharko du Kultur Mahaiko elkarteko bazkidea. Bikote batek jokatu nahi badu eta inor ez bada bazkidea, mus partidaren aurretik gutxienez bietako bat bazkidetu egin beharko da (urtean 10 euro dira. Bazkidetzeko, hemen).

- Izena emateko aukerak: azpeitikokulturmahaia@gmail.com / edo 674 165 684 / edo Sanagustin kulturgunea. Izen-abizenak jakinarazi.

Datak

Oraingoz jokatu dituztenak: Antxieta, Ziripot eta Vivero.
Eta jokatzeko eguna jarrita duten batzuk:

Oilo-soro: azaroak 8 (ostirala).
Mendizaleak: azaroak 2 (zapatua).
Arauntza: urriak 18 (ostirala).
Kultur Mahaia: azaroak 14 (osteguna).
Iturri: azaroak 15 (ostirala).
Zulozabal: azaroak 15 (ostirala).

Helburuak

Mus txapelketa hau bi helbururekin hasi zen antolatzen Kultur Mahaia, 2011n: soziedadeen arteko hartu-emana gehiago sustatzea eta Kultur Mahaia bera diruz laguntzea, ondo pasatuz. 

Aurreko urteetako irabazleak

2011: Ilunpe (Aitor Priya-Marcos Villanueva) —txapeldunorde: Nahi Genduena (Xabier Olaizola-Jose Inazio Etxezarreta)—.
2012: Antxieta (Jose Antonio Lasa-Vicente Unanue) —txapeldunorde: Iturri (Iñaki Ulazia-Aitor Muñoz)—.