Dantza tradizionalak eta berriak, herritarrek herritarrentzat jarriak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko mar. 13a, 14:37
Itsasiko dantzariak emanaldi batean.

Itsasi Kultur Taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du igandean Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan. Euskal dantza tradizionalekin eta pausu tradizionalak oinarri dituzten dantza berriekin osatu dute ikuskizuna. Aurten aurkeztuko dituzten berrien artean Mikel Lanoaren Haize Hegoa dago, esate baterako. Maite Mendia taldeko dantzariak dioenez, argia da helburua: "Urte guztian egindako lana herritarrei erakustea da asmoa, eta  euskal kultura herritarrei zabaltzea". Barruan Mendiari egindako elkarrizketa.

Itsasi Kultur Taldeak bi dantza saio eskaintzen dizkie herritarrei urtean: Azpeitia Dantzanen barruan uztailean bat, eta martxo inguruan Sanagustinen bestea. Saio horietan Kultur Taldeko ahalik eta kide gehienek parte har dezaten saiatzen dira. "Baina, igandean Sanagustinen egingo dugun saioa formato txikiagokoa da, beraz, musikaririk gabe egingo dugu, eta dantzariak ere uztailean baino gutxiago izango gara. Aurtengo kasuan zortzi neska eta sei mutil egongo gara agertoki gainean". Agertoki egongo ez den arren, Ainara Bidalek ere lan handia egin duela azpimarratu du Mendiak. Hona hemen, Mendiak dantza saioari buruz emandako azalpenak:

Aurten Zuberoako dantzak aukeratu dituzue emanaldirako, zergatik?

Azkeneko sei-zortzi urteetan dantza tradizionalez gain dantza berriak ere egiten ditugu Itsasin. Dantza berrietarako abestiak, baten bat kenduta, euskal kaltak dira: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Korrontzi, Oskorri, Aburruzaga, Txomin Artola, Sorotan Bele, Hertzainak... Gehienak oso ezagunak. Dantzako pausuak, berriz, denak dira tradizionalak edo haietan oinarrituak. Koreografiak, ordea, berriak dira, Itsasik berak egindakoak.

Emanaldietan nola lotzen dituzue bi dantza modu horiek?

Tradizionalaren eta berriaren arteko oreka bilatzen saiatzen gara. Ez dugu erabat tradizionala izan nahi, baina ezta erabat berria ere. Aurten, zati tradizionala osatzeko Zuberoako dantzak aukeratu ditugu. Horretarako ez dago arrazoi berezirik, txandakatzen joaten gara. Zuberoako dantza horien barruan betikoak dira batzuk, edalontzi gainekoa, adibidez, eta guretzako berriak diren polka batzuk ere egingo ditugu. Guk ez genituen ezagutzen, baina Zuberoakoak dira. Ikasi ditugu, eta herritarrei eskainiko dizkiegu igandean.

Dantza berriei dagokienean, zein dantza mota ikusiko ditugu?

Igandean egingo ditugunetako batzuk aurretik ere egin izan ditugu jendearen aurrean, Aberriaren Mugak Korrontziren pare bat kantu, eta Heviaren bat adibidez. Eta beste batzuk berri berriak dira, adibidez, Mikel Laboaren Haize Hegoa, eta Gazta Zati bat dokumentaleko kantua.

Urtean zehar nola landu duzue ikuskizun hau?
 
Urte osoan beti egiten ditugu astean bi entsegu. Haietan ez dugu beti gidoi berdina jaraitzen, dantzak errepasatu eta teknika lantzen dugu. Horretaz aparte, beti saiatzen gara urtean pare bat dantza berri behintzat osatzen. Ikuskizunaren eguna gerturatzen ari den bezala, buru belarri horretara jartzen gara. Kasu honetan, abenduaren amaierarako bagenuen idea, eta pixkanaka-pixkanaka forma eman diogu.