Txotxongiloak hariak mugitzen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko mar. 18a, 09:30

Kasik taldeak eta Erabaki Produkzioek Itzaltzen kantuaren bideoklipa egin dute. Abestian agertzen da galdera: "Nork mugitzen ditu orain hariak?". Kasu honetan taldeko kideek eta Erabakikoek hartu dituzte hariak. Taldekideen erreprodukzioak diren txotxongiloak mugitzen dituzten hariak. Bideokliparen hariak. Buru eta esku egindako mugimenduen emaitza da bideoklipa. 

Kasik taldeko bost lagunak agertzen dira, eta haien erreprodukzioak diren txotxongiloak. Kantuaren esanahiaren adierazle dira. Agintariei kritika da, baina baita gizarteari ere. Hariek mugitzen dituztenei, baina baita mugitzen uzten diren txotxongiloei ere. Hariak mugitu dituzte hariak nork mugitzen dituen galdetuz.

Eta egin dute lan, bai. Duela urtebete kaleratu zuten Noradiskoko Itzaltzen kantari irudiak jarri dizkiote. Bi azkoitiar eta hiru azpeitiarrek osatzen duten taldearen aurreneko bideoklipa da, eta gustura gelditu dira emaitzarekin.

Bideoklipa egin nahi zutela argi zuten, eta han txotxongiloak agertzea nahi zutela ere bai. Beraz, bi foko izan dituzte, bi lan eremu eta bi lan toki.  Jon Andreu (ahotsak), Alberto Martinez (gitarra), Ander Mozo (gitarra), Eneko Manzisidor Axkoiti (baxua) eta Aritz Guerra (bateria) hezur haragizko taldekideen irudiak Soreasu antzokian hartu zituzten, eta txotxongiloen kontzertua Urrestilako lokalean bertan grabatu zuten. Hantxe daukate agertokia antolatuta. Anplifikadoreak, mikroak, txotxongiloak...

Bigarren foko horrek eman die, hain justu, lan gehien. Hala dio Mozok: "Hemen zegoen erronka, miniaturan grabatze honetan". Baietz dio buruarekin Oihan Amezuak ere. Argazki zuendari eta kamera lanak egin ditu Amezuak. Sustaetak ere berretsi egin du zailtasuna: "Erabakiren aldetik, azkenean zailena Soreasukoa eta txotxongiloena ondo ezkontzea izan da. Bai argi aldetik, eta abar. Bi toki desberdinetan grabatu direla ez nabaritzea zen lehendabiziko helburua". 

Txotxongiloak egiten urtebete inguru pasatu zuen Mozok berak, eta haiek dantzan jartzeak dibertimendua ere ekarri die. "Orain kenduta daude, baina hor gainean tabla batzuk jarri genituen, eta han gainean etzanda egon ziren lagun batzuk txotxongiloak mugitzen", dio Asier Sustaeta bideoaren editoreak. "Alegia, batzuk gerriko minarekin amaitu zuten, beste batzuk bularrekoarekin, besteak besokoarekin…", gaineratu du Mozok, barrez.

Elkarlana izan dute lanerako oinarri. Denen artean egin dituzte egin beharrekoak. "Bere alde on eta txar gutziekin, horizontalean egin dugu lan", dio Amezuak. Bi egunez aritu ziren Soreasun talde kideak grabatzen. Behin eta berriz, 40-50en bat aldiz bai. Eta beste lau bat egun, Urrestilako lokalean txotxongiloak grabatzen pasatu zituzten. Han, taldeko kideak eta Erabakiko biak ez ezik, lagunen beharra ere izan dute.

Dena grabatuta zegoenean, editatzea falta zen. Hilabete eta erdi edo pasatu dute horretan. Sustaeta: "Haurdunaldi bat bezala da edizioa. Munduko ilusio guztiarekin hasten zara, eta bederatzi hilabete eta gero gainetik kendu nahi duzu. Amaitu dudanetik ez dakit ikusi dudan bideoklipa. Uste dut taldekideek baino hobeto dakidala letra!", dio, barrez. 

Ez da Sustaetaren kasua bakarrik. Amaierarako guztiek zuten izugarrizko bukatzeko gogoa. Izan ere edizioan ere denek hartu dute parte. Hala dio Guerrak: "Sustaetak zatiak ekartzen zituen, eta gauzak aldatzeko-eta esaten genion guk, edo konforme geundela". Bost lagun dira taldean, eta iritziak ere bost ziren beraz, hala dio, behintzat, Sustaetak: "Zenbat buru hainbat aburu izaten da. Bakoitzak irudikatuta dauka zer nahi duen, eta batek gauza bat proposatzen du, besteak beste bat, eta azkenean batek bestea konbentzitu eta bat eta beste... elkarlana izan da, gutxi gorabehera denak gustora gelditzeko erdi bidera joanez".

Eta gustura gelditu dira emaitzarekin. "Denon gustora egiten saiatu gara, eta hau atera da", dio Amezuak. Hala dio Guerrak ere: "Esperientzia berria izan da guretzat, eta aberasgarria izan da".

 

Erabaki produkzioak laburbiran

Erabaki produkzioak bigarren laburmetraia amaitzen ari ziren Kasik-ekoak bideoklipa egiteko eskatzera joan zitzaizkienean. Aio film laburra Laburbiran dago, eta herriz herri mugituko da. 27 plazatan izango dira martxoan eta apirilean, eta tartean Sanagustin Kulturgunean ere bai, apirilaren 3an. Zazpi laburmetraia ikusteako aukera izango da, hain zuzen ere.