"Zaharberritze puntual bat"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko uzt. 15a, 13:46

Poesia emanaldi berezia izango da ostegunean, 19:00etan liburutegian. Garai batean Diapoesia eta Literatuzta proiektuetan aritutako lau lagun elkartu dira —Igor Aranbarri, Aitor Bengoetxea, Xabi Borda eta Kepa Urbieta—, liburuteagiaren 50. urteurrenaren karietara, eta emanaldi berezia prestatu dute. "Horrelakoetan, zaharkitutako gauzak berreskuratzeko joera ohikoa izaten da eta hor sartzen gara gu. Zaharberritze puntuala izango da, bizikleta zahar bat garajetik ateratzea bezala funtzio puntual bat egiteko".

Nolatan elkartu zarete berriz poesia emanaldi bat egiteko? Nork egin dizuete proposamena?
 
Udal Liburutegia, 50 urte bete dituen honetan, hainbat ekitaldi antolatzen ari da. Handik jaso genuen poesia emanaldia egiteko proposamena. Holakoetan, zaharkitutako gauzak berreskuratzeko joera ohikoa izaten da eta hor sartzen gara gu. Zaharberritze puntual bat izango da, bizikleta zahar bat garajetik ateratzea bezala funtzio puntual bat egiteko.
 
Lehen ere arituak zarete, Diapoesia izan zen aurrena, Literatuzta ondoren… Isilik egon zarete urteetan, edo elkarrekin behitzat ez duzue publikoki ezer egin. Pribatuan lanean jarraitu al duzue? Edo zer gertatu da?
 
Elkarrekin jarraitzen dugu, baina ez poesiaren bueltan. Ordungo jardunak eman zituen bereak eta batek behintzat jorratu eta jarraitu du literaturarekin lotuta publikoan —Xabi Borda—. Orduan gazteak eta errebeldeak ginen, gure erara. Baina batez ere, denbora ateratzen genuen barruak eskatutakoa egiteko eta esateko. Gaur egun ezin dugu hori egin. Garaian garaikoa...
 
Urteetan egin ez duzuena egiteko, zergatik da orain unea?
 
Oraindik guztiz ezetz esaten ikasi ez dugulako, batez ere (kar kar). Liburutegiak proposatu zigulako eta guk gure aletxoa eskaini nahi genuelako. Nostalgiak jo gintuen; ostegunean, errealitateak joko gaitu eta ikusiko dugu ondo egin genuen baiezkoa ematen.  
 
Zer da ostegunean taularatuko duzuena? Poesia hutsa? Poesia musikatua? Poesia antzerkitua? Poesia berriak? Lehengoak? Zuenak? Hartutakoak?
Okasiorako egindako emanaldia eskainiko dugu, ale bakarreko uzta. Poemak irakurriko ditugu, musika eta irudiz lagunduta. Liburutegiko izaera anitzari keinu eginez edo guk Liburutegiaz dugun irudian oinarriturikoa izango da, baina argi daukagu zerbait efimeroa izango dela.
 
Zer da ekitaldi berezi bat eta bakarra, edo emanaldiak egiten hasteko asmoa duzue?

Emanaldi honek ostegunean, liburutegian, eta 19:00etan du zentzua. Ez dugu jarraituko. Lehengo adibideari jarraituz, bizikleta berria beharko genuke aurrera egiteko, gureak erdoilduta baitaute, eta gaur egun gure ekonomiak (denborak, alegia) ez digu uzten.