Asteburuan, agur esan digu Pilar Aizpitarte aktoreak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko abu. 12a, 12:49

Herritik bertatik euskal kulturaren alde lan asko egin zuen eta hainbatetan onartu zitzaion hori. Horren adibide dira, Txalo saria jasotzea, emakume amateur aktore onenarena, eta Baite euskara elkarteak ohorezko bazkide izendatzea ere. 82 urte zituela hil da.

Pilar Aizpitarte aktore azpeitiarrak agur esan zigun larunbatean, 82 urte zituela. Oso gaztetatik taula gainean aritu izan zen Aizpitarte.

Beste azpeitiar aktore ugari bezala, Antxieta antzerki taldean aritu zen urte luzez, Antxieta desagertu zen arte. Hasi, ordea, Pasioa antzezten hasi zen Aizpitarte. Hasiera batean, abesbatzan kantatzen bazuen ere, Enrike Zurutuzak hala eskatuta Jesukristoren aurrean negar egiteko papertxo bat egin zuen. Ordutik, ez zion utzi antzezteari. Pasioa-ren ondoren, Imanol Eliasen eskutik ekin zion Antxieta taldean aritzeari. Hamaika izan ziren taularatutako antzezlanak.

Aitortza

Azpeitiko II. Antzerki Topaketan jaso zuen bere lanaren lehen ordaina: emakume amateur aktore onenaren saria eman zioten. Baina ez zen topaketetan jasotako sari bakarra izango. Izan ere, 2008an, Txalo saria jaso zuen, udalaren eskutik.

Euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik, 2003an Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen, Enrike Zurutuzarekin batera.