Gaur hasiko dira Azoka Herritik-en ekitaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ira. 10a, 11:38

Ta3. zineklubak antolatuta, Ezkutuko zorra dokumentala eta mahai ingurua izango dira gaur, 19:00etatik aurrera, Sanagustin Kulturgunean. Azoka Herritiken barnean antolatutako ekitaldietatik aurrena izango da gaurkoa. Izan ere, aurtengo Azoka antolatzen dabiltzan eragileek ahalegin berezia egin dute kontsumoaren inguruko gogoeta bultzatzeko, eta horretarako, hainbat ekitaldi izango dira Faktoria-ren barruan. 

Azoka Herritiken egun gorenak iralaren 19a, 20a eta 21a izango diren arren, aurretik eta ondoren ere badaude ekitaldiak aurten. Ekitaldi horietako gehienak Faktoria ekimenaren baitan antolatuta daude, eta kontsumoaren inguruko gogoeta bultzatzea dute xede. Gaur izango da aurrena.

Azokaren egitarau osoa ikusteko, egin klik, hemen. Eta Azokari buruz argitaratu den guztia irakurtzeko, hemen.

Ezkutuko zorra

Historikoki, gure kontsumorako zein industriako erabiltzen ziren lehengaien jatorria Euskal Herrian zegoen batez ere. Gaur egun, ordea kontsumitzen ditugun material gehienak oso urrutitik ekartzen dira. Euskal Herrian kontsumitu eta ekoitzen dugun produktu ugarik, Hegoaldeko herrialde txirotuetan dute jatorria, bertan kutsatzea edo langileak baldintza prekarioetan kontratatzea errazagoa eta merkeagoa baita.

Somalian arrantzatzea, Bolivia mineralak erauztea edo Indonesian nekazal- erregaiak landatzea merkea izaten da, kutsatzen denagatik ez delako ordaintzen, besteak beste. Iparraldeko herrialde industrializatu edo aberastuok onura ateratzen dugu hortik; kontsumitzaildeok onura, enpresek eta gobernuek onura ateratzen dute injustizia horretatik.

ZUZENDARIA: Ekologistak martxan.

URTEA: 2011.

IRAUPENA: 45min.