Gaur amaituko da Azoka Herritik, 'Biziberri' dokumentala eta mahai inguruarekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ira. 23a, 10:36

Aberatsa izan da pasa den asteburua herrian. Azoka Herritik-en egun handiak izan dira, eta izan da tarterik salerosketarako, elkartrukerako, gogoetarako eta ikastaro eta kultur jardueretarako. Azoka ez da amaitu ordea, oraindik, azken ekitaldia falta da: Biziberri dokumentala eta mahai ingurua izango dira, gaur, asteazkena, 19:00etan Sanagustin Kulturgunean.

Azoka Herritik-ek gogoetarako bultzatu duen Faktoria ekimenaren baitan hiru film dokumentaleko zikloa antolatu du Ta3. zineklubak. Gaurkoa azken emanaldia izango da. 

19:00etan botako dute filma Sanagustin Kulturgunean, eta gero mahai ingurua izango da Gazte Ekoliderren taldeko kideekin.

SINOPSIA:

Ekoliderrak Sareak Biziberri dokumentalaren bidez gaurko gazteriak jasangarritasunaren alde era aktiboan ekiten diola adieraztea du helburu. Horretarako, aktibismoa eta boluntariotza, landa-garapena, kontsumo jasangarria, hezkuntza eta energia ataletan sailkatuta gutako 18 gazteren testigantza biltzen du, kasu bakoitzean norbera bultzatzen ari den ekimen edo ideiaren azalpenaren bidez.

Aurrera begira aztarnak utzi eta aurrera pausoak emateko arrastoak ematen ditu hitzetatik ekintzetara igaroz. Dokumentala talde eta herri ezberdinetan gazteak, aktibismoa eta jasangarritasuna ardatz izango dituen hausnarketak bultzateko tresna izatea nahi genuke.