Azpeitiko kulturaren argazkia egitera goaz, herritarrekin elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko urr. 29a, 17:51

Urrats asko eta esanguratsuak egin ditu azken urteetan Azpeitiko kultur mugimenduak. Eta lorpenak handiak izan dira. Baina, zein unetan gaude orain? Zer dago herrian? Zer falta da? Zein dira gure ahulguneak? Zein indarguneak? Zer diote herritarrek? Hori guztia aztertzeko ordua da. Diagnosia egiteko unea. Horregatik, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Sanagustin Kulturgunea herriko kulturaren argazkia egitera goaz. Azgazki collagea izango da, klik askotan aterea. Herriko talde, eragile, norbanako, programatzaile, ikastetxe eta abarrekin elkarlanean.

Zer lortu nahi dugu?

Azpeitian kulturarekin lotura duen guztiaren berri izatea. Guztia jasotzea, eta kolpe batean ikusteko moduko argazki bat osatzea. Zehatzago esanda:

  • Azpeitiko kultur mugimendua aztertu. Zein talde, eragile, norbanako  daude, zer egiten dute? nola? zergatik? zertarako? Zein arazo dituzte? Zein indargune?
  • Kultur sormenerako eta sustapenerako eskaintza aztertu. Zer egiten da ikastetxeetan, zer eskolaz kanpoko ikasguneetan? Zer kalean?
  • Kultur programazio aztertu. Zer programatzen da herrian? Zeinek, zenbat, zeinentzako, zein helbururekin?
  • Kultur instalazioak aztertu. Zer dago herrian? Sortzaileek zein gune dituzte? hartzaileek? programatzaileek? Nahikoa al dira?
  • Herritarrek kulturarekiko duten harremana eta interesa neurtu. Garrantzitsua al da kultura azpeitiarren bizitzan? Ze papel jokatzen du? Nola? Gehiago egin al dezake?

Zertarako?

Dagoenaren berri zehatz jakin, eta aurrera begira egin beharrekoaz gogoeta egiteko.

Zergatik?

Azpeitiko Kultur mugimenduak urrats asko eta esanguratsuak eman ditu azken urteetan. Orain, gelditu, dagoenari begiratu eta ondo ari garen edo ez aztertzeko garaia da. Kultur herrikoia zabaldu, sustatu eta laguntzeko lana norabide egokian doan jakiteko, eta behar bada, norabidea aldatzeko.

Norekin egingo dugu?

Kultur protagonistekin elkarlanean. Protagonisten, sortzaileen, programatzaileen, hezitzaileen,  hartzaileek eta eragileen ahotsa jasoz. Azterketa erabatekoa izan dadin, kulturarekin zerikusirik ez dutenek ere hartuko dute parte. 

Nola?

Parte hartze prozesu bat eramangu dugu aurrera. Horretarako biztanle taldekako banaketa kontuan hartuko da, eta baita sektorekakoa ere. Bakoitzak parte hartzeko modu desberdina izango du, eta desberdinak izango dira bakoitzarekin landuko diren gaiak ere. Iritzi bilketarako honako baliabideak erabiliko dira:

  • Batzar irekiak
  • Gune irekiak
  • Elkarrizketak eta bilerak
  • Kaleko inkestak

Noiz egingo dugu?

Urtea amaitu aurretik datuk bilketa osoa egingo dugu, hasita gaude lan horretan.  Datorren urtearen hasieran ondorioak mahai gainean izango ditugu, herritarrei aurkezteko moduan. 

Norena da proiektua?

Azpeitiko Kultur Mahaiarena eta Sanagustin Kooperatibarena. Harremanetarako: azpeitikokulturmahaia@gmail.com.

 

'Hau da Azpeitia, diot'

Hau da Azpeita diot eta ez naiz lotsatzen... hasten zen Xabier Aldai idazleak behin idatzitako poema antologikoa. Ordutik urte asko pasa dira, ikaragarri, eta gauzak asko aldatu Azpeitiko herrian. Onerako eta txarrerako. Guk, gure arloari, kulturari, diagnosia egin nahi diogu, Azpeitiaren izenean eta eskualdearen oniritzian jasotako emaitzak emango dituena.

Azpeitiak kultur mugimendu emankorra izan du beti, eta baita gaur egun ere. 22 kultur talde inguru daude. 2006an Azpeitiko Kultur Mahaia sortu zenetik talde horiek guztiak egituratuta daude, elkarlana xede. Eta herrian kultur jardueretarako azpiegitura ofizialik ez izatetik, toki bat baino gehiago izatera igaro da. Azpeitiko Kultur Mahaiak berak kudeatzen dituen Sanagustin Kulturgunea eta Soreasu antzokia daude batetik, eta Betharrametako lokal bat erakusketetarako atondu da. Gainera, esanda bezala, ofizialez haratago hor daude oraindik ere tabernak, herriko plaza, frontoia, liburutegia eta Gaztetxea, besteak beste.

Jendaurrean egiten diren ekitaldiak dira kulturaren aurpegi publikoak eta horretan herri honek eskaintza oparoa du. Lan egiteko moduetan ere aldaketak egon dira eta elkarlanean eginiko sormen emaitz gehiago daude. Baina, herritarrak Azpeitiko Kultur jardueraren, eskaintzaren eta instalazioen erabileraren inguruan zein pertzepzio dute? Zenbat jende dabil kulturan, zale nahiz sortzaile, eta non daude ez daudenak? Galdera asko sortzen zaizkigu: zergatik?, zertarako?, zenbat?, zeinek eta non?, zeinentzat?, ze behar?...

Hau da Azpeita diot eta kuriositateaz begiratzen ditut. Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin kulturguneak ere kuriositate handiz begiratzen dio herriko kulturaren esparruari. Esfortzu eta maitasun asko eskaintzen diogun kulturak, herria pairatzen ari den krisi ekonomikoa kontuan hartuta eta aktibo ekonomikoa izan daitekeela ahaztu gabe, zein norabide eta zein helbururekin egiten dugu egiten duguna?

Hau da Azpeita diot eta hemen ama da semearen heriotza jakiten azkena. Poemaren amaierak dio hori. Guk, Kultur Mahaiak eta Sanagustin kulturguneak, ez genuke nahi gure arloaren balizko heriotza baten aurrean azkenak izan jakiten. Ezta balizko arrakasta oharkabean pasatzen utzi ere.

Azken urteetan jarraitu dugun bideari so eginez, herriko kultur sarea handitze prozesu horretan (ikus irudia, Kultur Mahaiaren sorreratik nola joan den zabaltzen) tarte bat hartuko dugu herri guztiari begira jartzeko. Eta Sanagustin kulturgunearen ibilbideak sortu duen erreferentzialtasuna onartuz, ez diegu gure herritarrei bakarrik galdetuko, baita eskualdekoei ere. Gure lehentasuna herritarren iritziaren inguruko diagnosia izan arren, eskualdeko kultur talde, eragile eta zaleen iritzia ere jasoko dugu, Azpeitiko kultur mugimenduak eskualdekoari zein ekarpen egin diezazkiokeen jakiteko.

Kulturaz ari garela kontuan izanda, diagnosiak Hau da Azpeita diot esatea da proiektu parte hartzaile honen funtsa. Eta hortik aurrera erabaki dezagun zein Azpeitia nahi duen izan. Horretarako, egoeraren argazkia behar dugu.