Jose Luis Otamendik 'Kapital publikoa' aurkeztuko du hilaren 30ean, Sanagustinen

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko aza. 14a, 11:07
Otamendi aurkezpenean.

Atzo aurkeztu zuen Jose Luis Otamendi poeta azpeitiarrak Kapital publikoa poema liburua. Azpeitian ere aurkeztuko du lana poetak; hilaren 30ean errezitaldia egingo du, 19:00etan Sanagustin Kulturgunean. Xabi Borda poeta azpeitiarrak gidatuko du saioa.

Otamendiren zortzigarren poema liburua da Kapital publikoa. Susa argitaletxeak argitaratu du, eta harek emandako informazioaren arabera, hiru ataletan banatuta dago liburua: Bake hotzaJendea oinez eta Gosaria eta legea. Duela zazpi urte kaleratu zuen bere azken lana: Erlojuen Mekanika.

Atzoko aurkezpenean honela esan zuen Otamendik: "Garai nahasietan bizi gara. Kapitalak dena irentsi nahi du, dena jarri nahi du hankaz gora, dena nahi du jarri salgai, merkatuaren lege bihozgabeen mende: bai osasuna, bai hezkuntza, bai hizkuntzak, bai lan harremanak, bai sorkuntza, bai maitasuna, bai jendea… Aseezina da. Eta onura eta irabazi ekonomikoak, diruak, elkarrekin lehiatu beharrak gauza itsusiak onartzera eta egitera garamatza. Horren guztiaren aurrean aterpe bat, erresistentzia eremu bat osatu nahi izan dut poema hauekin. Eta barka harrokeria".

Hona hemen, Berria-k gaur argitaratutako artikulua: 

Kapitalaren aurrean kapital poetikoa, kapital publikoa babesten saiatzeko