Kulturgintza aztergai, Kultur Mahaiaren parte hartzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2015ko urt. 28a, 13:05

Topagunea Euskaltzaleek Elkarteak urtero antolatzen ditu Topaldiak, eta aurten, Kulturgintza hartu dute gai nagusitzat. Herrietako kultur esperientziak izango dituzte hizpide, Durangon, 'Kultur komunitate bizia: zein da eragile euskaltzaleon egitekoa?' goiburupean. Azpeitiko Kultur Mahaia han izango da, bere esperientziaren berri ematen.

Durangoko Landako elkartegian egun osoko jardunaldiak antolatu ditu, biharko, Topagunea Euskaltzaleen Elkarteak: XII. Topaldia. Kulturgintza izango da aztergai bertan, eta hainbat hitzaldi-solasaldirekin osatuko dute.

Hiru puntu nagusi izango dituzte aztergai. Goizeko lehen saioan Zer garrantzi eta zer funtzio du kulturgintzak euskararen eta euskaldunon komunitatearen garapenean? galderari erantzuten saiatuko dira. Lorea Agirrek egingo du lehen hitzalditxoa: Hizkuntza, kultura, elikadura eta sormena tituluarekin, eta Gotzon Barandiaranek jarraituko du, Guk gEUre kulturaz ekimenaren esperientziaren berri emanez. Ondoren, mahai ingurua egingo dute Alberto Barandiaranek gidatuta.

Goiz erditik aurrera tokian tokiko kulturgitzen egitekoa aztertuko dute. Durangoko esperientzia, Zumaiakoa, Gernikako Astrarena eta Azpeitiko Kultur Mahairena izango dituzte aztergai. Horretarako, ordezkaritza bat joango da Azpeitik Durangora Kultur Mahairen inguruko azalpenak ematera.

Arratsaldean jarraituko dute saioekin. Euskaltzaleen kultur jardueraren hiru adibide zehatz aztertuko dituzte: Eneko Barberenak DJak izango ditu aztergai, Iker Barandiaranek Arrasateko Kooltur ostegunak, eta Mari Karmen Ormazabalek Lasarte-Oriako Kultura saretzen ekimena.