Xuban Peña: "Garrantzitsua da herritarrak animatzera etortzea, borrokan ibiliko baikara azken unera arte"

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko ira. 4a, 18:50
Ayerbe eta Peña, Lagun Onakeko jubenilen entrenatzaileak.

Denboraldia hasiko dute larunbatean Lagun Onakeko jubenilek. Gainera, erronka polita suertatu zaie Nazional Mailako jokalariei; izan ere, derbian lehiatuko dira. Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna, aurrez aurre. Xuban Peña (Azpeitia, 1988) eta Aitor Ayerbe (Azpeitia, 1989) entrenatzaileek nabari dute tentsio puntu hori, eta gogotsu daude asteburua iristeko. Jubenilen Nazional Maila estreinatuko dute larunbatean, 17:30ean, Garmendipen.

Joan den urtetik mailaz aldatu da jubenilen taldea: Euskal Mailan zegoen lehen; eta, orain, Nazional Mailan. Zer desberdintasun daude bi ligen artean?

Xuban Peña: Nagusiki, talde hobeagoak daudela Nazional Mailan, adibidez, Realaren edo Athleticen filialak. Horiek selekzioak bezala dira, eta kalitate eta esperientzia handiko jokalariak dituzte. Horiek ez dute zerikusirik herriko talde baten egiturarekin.

Nazional Mailan, nola ikusten duzue Lagun Onak?

Aitor Ayerbe: Guk borroka egingo dugu. Gure mailako taldeak badaude, adibidez, Anaitasuna, eta gerra emango dugu, argi daukagu. Badakigu Reala bezalako taldeei irabaztea zaila izango dela, baina maila ona ematen saiatuko gara partida guztietan; itxaropena badugu, behintzat.

Zein dira aurtengo helburuak?

X.P.: Hasteko, argi utzi behar da bi urtetan, jarraian, mailaz igo garela, beraz, uste dut sari bat dela guretzat Jubenilen Nazional Mailan jokatzea. Aurten, printzipioz, maila mantentzea izango da helburua; eta, gero, apurka-apurka ikusiko dugu. Aukera polita da maila honetan jokatzea, ikasteko eta gozatzeko aukera izango dute gazteek. Egia esan, jubenilen taldeak merezi du leku hori.

Aipatu duzue bi urtez, jarraian, igo zaretela ligaz. Taldea asko aldatu da bi urteetan?

X.P.: Bai, joan den urtean beterano asko zeuden; orain, taldea oso gaztea da. Egia esan, maila ona dute, baina esperientzia falta zaie. Hartuko dute martxa gazte hauek ere, seguru gaude.

Zer jarrera dute jokalariek?

A.A.: Denboraldi-aurrean gogotsu egin dute lana. Gainera, lehen partida azkoitiarren aurka denez, gogo gehiagorekin jardun direla esango nuke. Irabazteko asmoarekin goaz, eta positiboak dira.

X.P.: Oso ondo entrenatu dute, gogoarekin ibili dira: zapaturako prest daude, hori bai.

Barrura begira, talde bezala, zer ezaugarri nabarmenduko zenukete?

Gure taldea Lagun Onak guztiaren isla da. Lagun Onaken oso harreman ona dute guztiek, eta jubenilen taldean ere bai. Beti elkarri laguntzeko prest daude jokalariak, eta ez dugu arazorik izan inoiz lagunarteko tratuari dagokionez. Hori nabarmenduko nuke, uste dut oso garrantzitsua dela. Gainera, elkar ezagutzen dugu, eta hori ona da.

Zer balorazio egiten duzue denboraldi-aurreari buruz?

A.A.: Ondo ibili dira, baina hori lehen partidak erabakiko du.

X.P.: Denboraldi-aurreko partiduekin ondorio batzuk atera daitezke, baina ez dira oso garrantzitsuak. Sentsazioekin gelditzeko ondo dago, baina larunbatetik aurrera tokatuko zaigu benetako konklusioak ateratzea.

Beraz, larunbata egun garrantzitsua izango da?

A.A.: Bai. Larunbatean ikusiko dugu zer sasoi eta maila duten jokalariek. Gogo handia dugu eguna iristeko.

X.P.: Ayerbek esan bezala, gogo faltarik ez daukagu. Jokalariak jada ari dira esaten oso motibatuta eta larunbata iristeko deseatzen daudela. Ez dago esan beharrik, derbia da. Gauza asko daude jokoan: lehen partida, puntuak, Azkoitia eta Azpeitiaren arteko lehia eta abar.

Herritarrei mezuren bat bidali nahi diezue?

X.P.: Garrantzitsua da herritarrak animatzera etortzea, borrokan ibiliko baikara azken unera arte. Herriarteko lehia horretan azpeitiarrek irabaztea nahi dugu, eta asko baloratuko dugu azpeitiarren babesa: lagunak, ezagunak edo edonor etor dadila. Partida gogorra, baina polita izango da.