Gol zaparradarekin lortu dute garaipena jubenilek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko ira. 8a, 12:17

5 eta 0 irabazi dute Lagun Onakeko jubenilek Anaitasunaren aurkako partida. Horrela, denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu dituzte, Jubenilen Nazional Mailan.

"Ez dut jubenilen partida batean, aspaldian, horrebeste pertsona ikusi. Eskertzekoa da". Horrela adierazi du Xuban Peña jubenilen taldeko entrenatzaileak herritarrekiko esker ona. Izan ere, gaur, zapatua, Lagun Onakek lortu duen garaipena taldearena ez ezik, zaleena ere bada. 5 eta 0 irabazi dute Lagun Onakeko jubenilek Anaitasunaren aurka Garmendipen jokatutako partida. Norgehiagoka oso garrantzitsua zen Jubenilen Nazional Mailako denboraldia ondo hasteko. Hala izan da, azpeitiarrek hiru puntuak jaso dituzte; gainera, gol zaparradarekin.

Bost golek lau protagonista izan dituzte etxean jokatutako partidan. Ander Arteaga (2), Mikel Izurieta, Eneko Aranguren eta Ioritz Arantzeta izan dira golegileak. Lagun Onakeko mutilek lortu dute Anaitasunako atzelariei min egitea. Hala ere, entrenatzaileak argi du denboraldia "hasi besterik" ez dela egin, eta nahiago du "hankak lurrean" izatea. "Garrantzitsuena gaur hiru puntuak etxean gelditzea zen, eta hori lortu dugu: gustura gaude", azaldu du Peñak.

Beraz, hankak lurrean, gogor entrenatzen jarraituko dute Lagun Onakeko mutilek. Lehen puntuak bilduta, indarra ere jaso dute datorren astean Santutxuri aurpegia emateko. Hasi da lehia.