Emaitza gazi-gozoak

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko aza. 11a, 10:05

Hirugarren Mailako taldeak ez du lortu Pasaiatik punturik ekartzea.

Asteburu gazi-gozoa izan da pasa dena Lagun Onakentzat. Izan ere, emaitza onak zein txarrak eskuratu dituzte elkarteko lehen taldeek. Hirugarren Mailakoek 0 eta 1 galdu zuten Pasaiaren aurka, jubenilek 2 eta 2 amaitu zuten partidua, Danok Bat taldearen aurka; eta erregionalek, berriz, denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuten, Lazkaoren aurka 3 eta 1 irabazi ostean.

Hirugarren Mailako gizonei sufritzea surtatu zitzaien larunbateko partiduan. Ia amaieraraino eutsi zion Turrillasen taldeak berdinketari, baina penalti batekin, 85. minutuan iritsi zen Pasaikoen gola. Mazuelak sartu zuen gola, eta Azpeitiko taldea egoerari buelta emateko astirik gabe gelditu zen. Partiduaren ostean, hamazazpigarren postuan dago Lagun Onak, hamar punturekin.

Bestalde, jubenilek zoriontzeko lana egin zuten Danok Baten aurka. Izan ere, lehen zatian 0 eta 2 galtzen hasi ziren Xuban Peñaren mutilak. Hala ere, egoera ulertu eta hari aurre egitea lortu zuen taldeak. Atsedenaldiaren aurretik, Julen Iparragirre Txiki-k gola sartu zuen, eta bigarren zatian, berriz, Carrascok. Peñak azaldu duenez, partiduaren amaieran Danok Batek izan zituen zenbait aukera hiru puntuak etxera eramateko, baina taldeak berdinketa eusten jakin izan zuen. "Jardunaldien egon diren emaitzei erreparatuta, eta partiduaren nondik norakoak ikusita, uste dut puntua ona dela guretzako", nabarmendu du entrenatzaileak. Beraz, jubenilak hamargarren postuan daude sailkapenean, hamairu punturekin.

Erregionalek, berriz, garaipen garrantzitsua eskuratu zuten etxean, eta hiru puntu jaso zituzten Lazkaoren aurka. Gainera, denboraldiko lehen partidua irabazi zuen taldeak, emaitza oso onarekin, gainera, 3 eta 1 irabazi baitzuen Lazkaoren aurka. Horrenbestez, lau punturekin, hamairugarren postuan daude azpeitiarrak, eta gorantz jarraituko dute.

Honakoak Alebinen partiduko argazkiak dira. Izan ere, haiek ere martxan dira dagoeneko.