Golaren faltan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2014ko aza. 18a, 10:41
Partidako une bat.

Amaieraraino borroka egin ostean galdu dute Hirugarren Mailako mutilek. Maila ona erakutsi zuen Turrillasen taldeak etxean, baina gola ez zen iritsi. Jubenilek eta erregionalek ere ez dute punturik eskuratu asteburuan.

Ez zuten etsi, baina ez zuten lortu fruiturik jasotzea. Espainiako Ligako Hirugarren Mailako mutilek 0 eta 1 galdu zuten igandean, Aurrera Vitoria talde arabarraren aurka. Etxeko taldea indartsu irten zen zelaira, eta aukera asko sortu zituen. Hala ere, lan handia egin arren, etxekoek ez zuten golik lortu lehen zatian.

Bigarren zatian, kanpokoak gogor hasi ziren, eta 55. minutuan etxeko jokalari bat bi txartel horirekin kalera bota ostean, Arabakoek gola sartu zuten, 58. minutuan. Intentsitateari eutsi zion Lagun Onakek, baina ez zen iritsi saria. Hamaika aukera izan arren, gola sartzea falta izan zitzaien Turrillasen gizonei.

Porrota dela eta, jaiste-postuetan sartu da dagoeneko Lagun Onak. Hain zuzen, hemezortzigarren postuan kokatu da, hamar punturekin. Horregatik, kirol elkarteak taldea animatu nahi du, indarrez, borroka egin dezan, horrela irtengo baita beheko postuetatik. 

Jubenilak eta erregionalak ere punturik gabe

Jubenilen asteburua ere ez da borobila izan. Partidua hasi orduko, taldekide batek baloia eskuarekin ukitu ostean, penaltia adierazi zuen epaileak, eta jokalari bat gutxiagorekin hasi ziren Nazional Mailako mutilak. Hortik aurrera, oso zaila izan zen egoera kudeatzea, eta 5 eta 0 galdu zuten azpeitiarrek Leioa taldearen aurka. Datorren astean sailkapeneko lehen taldearen aurka jokatuko dute jubenilek, eta azken emaitza txarra izan den arren, guztia emateko gogoz daude. Momentu honetan, hamargarren postuan daude Xuban Peñaren mutilak, hamairu punturekin.

Bestalde, erregionalek Soraluzeren aurka galdu zuten, 2 eta 0. Ia lehen unetik hasi ziren galtzen, eta partidu gatza izan zen azpeitiarrentzat. Soraluze hobea izan zen jokoan, eta emaitzak hori islatu zuen. Lagun Onakeko erregionalak ez daude postu onenean; izan ere, lau punturekin, hamalaugarren postuan, jaitsiera postuetan, kokatuta daude. Datorren larunbatean, bizilagunen aurka jokatuko dute erregionalek, etxean, eta giro polita izango da zelaian. Gainera, afaltzera joan nahi dutenentzat, Zabaleta harategiko txuletak zozkatuko dira atsedenaldian.