Iritsi da lehena!

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2014ko api. 23a, 12:01
Oier Ibargurenek irabazi zuen Aguraingo lasterketa igande goizean.

Aste santuan ere ez du etenik gure lanak eta lan horrek fruituak eman ditu, izan ere denboraldiko lehen garaipena iritsi baita Lagun Onakera. Asteburua Durangon hasi zela esan dezakegu, izan ere ostegunean Durangaldeko Itzulian parte hartu zuten jubenilek.

Ibargurenek, Orbeak, Aizpuruk, Alberdik eta Iparragirrek osatutako taldearekin 20 kilometroko taldekako erlojupekoari ekin zioten. Denbora asko galdu zuten helmugan, garaile izan zen Baque-Ibinarriagak 2 minutu pasatxo sartu baitzizkion talde azpeitiarrari, hau 17. izanik. Sailkapen orokorrerako aukerarik gabe ia, erasora irten zen taldea arratsaldeko sektorean, lau portuko ibilbide bati aurre egiteko prest. Ibarguren izan zen gehien erakutsi zuena etaparen zati gehientsuenean, baina amaieran Orbeak gorakoan dituen doaiak erakutsiz, lasterketaren lehian sartzea lortu zuen. Goiuri gainetik helmugarako ibilbidean, seikote batean ihes egiten saiatu zen, baina atzekoek interes ugari izan zutenez ez zuten biderik egin, nahiz eta David Avellaneda kolonbiarrak une hori aprobetxatu zuen helmugara bakarrik iristeko eta modu horretan itzulia etxera eramateko. Orbea 15. helmugaratu zen eta taldekako sailkapenean 12. postura aurreratu ginen (ikusi sailkapen osoa).

Lehen aipatu bezala, igande goizean iritsi zen denboraldiko lehen garaipena, Agurainen hain zuzen ere. Euskal Herria Garaikurraren hasiera izanda, lasterketa mugitua izan zen hasieratik Opakuako mendatea bi aldiz igo behar baitzuten. Durangon bezala Orbeak igoera bikainak burutu zituen batean zein bestean, baina ibilbidea gorabehera txikietan sartu zenean izan zen Ibarguren errekuperatu eta aurrera joan zen unea. Helmugan bakarrik aurkeztu zen Oier, eguraldi makurrari aurre eginez eta garaipena poltsikoratuz. Orbeak ere postu bikaina lortu zuen 6. helmugaratuta eta Iparragirrek eman zion taldeari 4. postua 50. helmugaratuta (ikusi sailkapen osoa). Euskal Herria Garaikurraren beste hiru proba puntuagarri geratzen diren arren (Lizarra, Mutriku eta Gatika), mailotari eustea izango da gure lana, eta horretan saiatuko gara.

Igande arratsaldean kadeteen txanda iritsi zen. Kasu honetan bi tandatan bereizita baita ere: lehen urtekoak alde batetik eta bigarren urtekoak bestetik. Matienan ospatu ziren bi probak, arratsaldeko 15:30etan ekin ziotelarik lehen urtekoak. Ibilbide goraberatsua izan arren lasterketa bizkorra joan zen, ia 40km/h-ko bataz bestekoa atera zuten. Pelotoia kilometroak aurrera joan ahala txikiagotzen joan zen eta 25 mutileko sprint batean erabaki zen. Iker Landeta (Entrambasaguaseko udala) izan zen azkarrena eta lehen azpeitiarra Benigno Leon izan zen 16. postuan.

17:30etan ekin zioten bigarren urtekoek, baina aurreko lasterketaren pausu berberak jarraitu zituen. Lasterketa bizkorra, kontrol handia eta ezin puskatua. Kasu honetan 41 izan ziren sprintera iritsi ziren txirrindulariak, azkarrena David Organbide (Congelados de Navarra) izan zelarik. Lehen azpeitiarra berriz Aitzol Odriozola izan zen 6. postuan (ikusi kadeteen lasterketetako sailkapenak).