Ibargurenek mailotari eusten dio

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2014ko mai. 13a, 20:53
Ibarguren, Mutrikuko lasterketan.

Lasterketa baten faltan, lehena da Ibarguren Euskal Herria Garaikurrean. Irabazteko, nahikoa du bosgarren helmugaratzea Gatikan jokatuko den azken proban.

Oier Ibargurenek Euskal Herria Garaikurreko lidertzari eutsi dio, proba baten faltan. Igandean, 10:00etan, ekin zioten Mutrikuko XXXII. Atxukale Sariari 168 txirrindularik. Hasiera laua izan zen, Osintxura joan etorria egin behar izan zuten lehendabizi; eta, ondoren, bi aldiz Kalbarioko maldei aurre egin zieten. Ordekako zatian, aipagarria izan zen sailkapen orokorrean hirugarren postuan zegoen Aitor Rodriguezen (Arabarrak) ihesaldia, eta Lagun Onakeko Unai Orbea eta Asier Iparragirreren lana erabakiorra izan zen hura behera botatzeko.

Behin Kalbarioko itzulietan sartuta, Ibargurenek berak hartu behar izan zuen taldearen eta lidertzaren ardura. Lehen itzulia burutzerako, pelotoia bat eginda zegoen, baina bigarren aldiz Kalbarioa pasatzean, boskote batek ihes egin zuen, eta haien artean jokatu zuten lasterketa. Gotzon Martin (Ugao) izan zen garailea, Garaikurreko sailkapenean bigarren postua eskuratu zuen, eta Ibargurenengatik bost puntutara kokatu zen, azpeitiarra zortzigarren helmugaratu baitzen. (ikus sailkapen osoa)

Urrun egon arren, Euskal Herria garaikurra Gatikan (Bizkaia) amaituko da, hain zuzen ere, uztailaren 4an. Ibilbide goraberatsuari eta kontrolatzeko zailari, aurre egin beharko dio taldeak. Ibargurenen bosgarren Postu batek garaikurra poltxikoratzea ahalbideratuko lioke.  

Larunbat goizean kadete mailako Zumaiako Saria ospatu zen. 72 txirrindulari ziren irteeran, eta ziztu bizian atera ziren Zumaiako igarobideari bi itzuli eta Zakila Birari hiru itzuli ematera. Eguneko ihesaldia osatu zuten Ulma taldeko Ekaitz Txintxurreta eta Beñat Ormaetxeak eta Oriako-Limousineko Luis Mari Garikanok. Hala ere, azken horrek beste biak atzean utzi eta bidelagun berria aurkitu zuen, Mikel Arregi (Bolintxo), eta esprintean agertu ziren helmugan. Garikano bera izan zen probako garailea. Ihesaldian azpeitiarrik ez egon arren, berriro ere, emaitza txukuntzea lortu zuten Antton Sanjuanen etapa zoragarriari esker: bi aldiz zulatu, pelotoira sartu, eta laugarren egitea lortu baitzuen. Taldekako sailkapenean azpeitiarrak bigarren izan ziren Oriako-Limousinen atzetik. (ikusi sailkapena)

Arratsaldean bertan jubenilen XLVI. Arantzazura Igoera jokatu zen. 67 txirrindulari aurkeztu ziren irteera gunera, eta bik ez beste guztiek lortu zuten amaitzea. Kontrol handia egon zen hasieratik bukaeraino, bigarren kilometrorako hamar bat kideko taldetxoa egin eta Arantzazuraino iritsi baitzen. Dani Mayora (AMPO – Caja Rural) izan zen talde horretatik garailea 24:11ko denborarekin (Errekorra Unai Osak du, 22:07). Zorte pixka bat faltan, lehen azpeitiarra bosgarren helmugaratu zen; Unai Orbea izan zen, aldagailuko arazoek garaipenaren lehiatik uxatu baitzuten. Taldekako sailkapenean Lagun Onak laugarrena izan zen. (ikus sailkapena)