Orbea laugarren Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2014ko eka. 11a, 11:01
Zarauzko lasterketako une bat.

Lagun Onakeko txirrindulariek bi proba izan dituzte asteburuan. Zapatuan Zarauzko XXVI. Udaberri sarian hartu zuten parte, eta igandean Oñatin jokatu zuten Euskadiko Txapelketa.

Larunbat arratsaldean Zarauzko XXVI. Udaberri Sarian izan ziren Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko jubenilak. Lasterketa gogorra izan zuten, 66 txirrindulariek Meagas eta Garate bezalako portuei aurre egin behar izan baitzieten Urtetako gainean bukatu aurretik.

Meagaseko portua hasterako 17 kideko ihesaldia eratu zen, eta Unai Orbea eta Oier Ibaguren tartean ziren. Hala ere, konforme ez, eta Orbeak iheskide bi hartuta aurrera jo zuen. Pena izan zen atzean adostasun baten ondorioz distantziarik ez hartu izana, Garatera heltzeko kilometro gutxi falta zirenean harrapatu baitzituzten. Garaten Ibargurenek aldagailua haustearen ondorioz, Orbea bakarrik geratu zen eta hainbestean moldatu ere, laugarren izan baitzen helmugan. Lasterketako garailea iparraldeko Cyril Barthe (Orthez) izan zen nagusitasun handia erakutsiz eta podiuma Aratz Olaizola (Zarauztarra) eta Mikel Alonsok (Andoaingo) osatu zuten. (Ikusi sailkapen osoa)

Igande arratsaldean, berriz, kadeteen txanda izan zen. Oñatin Euskadiko Txapelketa jokatu baitzuten. Udanako mendatea erabakiorra izango zela aurreikusita zegoen, handik Legazpira eta buelta eman ostean Oñatin amaitzen baitzen lasterketa. Erabakiorra izate horretan, azpeitiarrontzat kalterako suertatu zitzaigun, izan ere Lagun Onakeko ordezkaririk gabe hogeiko taldetxo bat geratu baitzen aurrean. Denboraldian zehar erakusten ari den indarraz nagusitu zen Iñigo Elosegui (Autonervion Renault) eta lehen azpeitiarra Aitzol Odriozola izan zen 25. postuan. (Ikusi sailkapen osoa)