Gipuzkoako Txapeldunak gara!

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2014ko eka. 18a, 17:44
Orbea eta Ibarguren, garaikurrekin.

Oier Ibargurenek erlojuaren aurkako Gipuzkoako Txapelketa irabazi du; eta Unai Orbeak, berriz, errepidekoa. Pasa den astean lortu dituzte postu horiek Lagun Onakeko txirrindulariek.

Oier Ibarguren azpeitiarra bakarkako erlojupeko jubenil mailako Gipuzkoako Txapeldun berria da, joan den asteazkenean, maiatzak 11,  Aizarnazabalen jokatu zen VII. Jose Larrarteren oroimeneko lasterketa irabazi ondoren. 20 minutu eta 41 segundo behar izan zituen 14,5 kilometro egiteko, hain zuzen, 42 kilometro orduko batez bestekoa atera zuen. Podiuma osatu zuten Aratz Olaizolak (Zarauztarra) eta Julen Irigoyenek (Andoaingo). Unai Orbea izan zen Lagun Onakeko bigarren ordezkaria, seigarren postuan amaitu zuen hark.

Igande goizean, berriz, jubenilek errepideko Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Eibarren. Unai Orbea izan zen txapela Azpeitira ekarri zuena, Unbe gainean bakar bakarrik helmugaratuta. 101 kilometroko ibilbideari aurre egin behar izan zioten txirrindulariek, baita Lastur, Kalbario eta Unbeko maldei ere. Kontrol lanak bikain egin zituzten azpeitiar taldekideek, eta ihesaldietan ez zieten aukerarik eman gizon indartsuenei. Hala ere, ia ihes egin zien lasterketak, Ibai Azurmendi (Quesos Albeniz) Deban aurrera joan zenean. Txirrindulariak, ordea, ez du Unbeko aldapa ezagutzen, eta lehen maldetan irentsi egin zuten pelotoian gelditzen ziren hamabost bat gizonek. Une hori aprobetxatu zuen Orbeak eraso erabakigarriena jotzeko, eta helmugan eskuak altxatzeko.

Kadeteei dagokionez, igande arratsaldean Bergaran izan ziren, LXXVIII. San Antonio Saria lehiatzen. Iker Imaz (Inoxcra) izan zen azkarrena 55 kilometroak egiten. Helmuga baino bost kilometro lehenagoko aldapatxoan egin zen mozketa baten ondorioz bostpasei txirrindulari gelditu ziren aurrean, eta amaiera ona eman zion Imazek. Podiuma Ander Amonarriz (Andoaingo)  eta Xabier Murgiondok (Ulma) osatu zuten. Lehen azpeitiarra, berriz, Antton Sanjuan izan zen hamargarren postua eskuratuta, eta taldeka laugarrenak izan ginen.