Gutuna

Ez adiorik, eskerrik asko handi bat baino ez

Erabiltzailearen aurpegia Laxaro Azkune 2020ko abu. 25a, 11:51

Juanjoxe Agirre Landa.

Lagun bat joan zaidala esan nezake, baina hori baino gehiago da nik galdu dudana. Azken lau-bost urteko nire lankide finena galdu dut. Harremana lehenagokoa nuen. Bidegileak sailerako egindako Joxe Lizasoren lanean, orain bederatzi urte inguru, Txillerramendi bailarako argazki bikainak oparitu zizkidan, ordainetan ale bat oparituko al nion eskatuz. Argitaratu gabe tiraderaren batean galdurik egongo da, aurten esan baitute azken argitarapena egin dutela.

Sagardoaren libururako lankidetza oso pozik hartu zuen eta baita lan bikainak egin ere, sagar loreetatik hasi, sagar mota ezberdinak ondoren, eta sagardoa egiteko prozesuarekin bukatzeko. Hori dena sagardo zalea izan gabe.

Bere Azpeitiko baserrien ezagutzak bidea eta konfiantza eman zizkidan etxe askotara iristeko. Ezaguna zen Juan Joxe. Natura zale handia izan da eta gozatu egiten zuen lan horietan guztietan, behin baino gehiagotan aitortu zidan. Zoragarria izan zen berarekin lan egitea. Hori bai, zein argazki jarri nik aukeratu behar izan nuen beti, bere seme-alaben artean aukeratzerik nahi ez duen gurasoaren antzera.

Esperientzia aberasgarri horren ondoren, Nuarbeko sokatirarena etorri zen gero, eta ezin hobeto moldatu ginen berriz ere. Berriz ere beste proiekturen batean elkartuko ginen esperantzatan bizi ginela esango nuke, ni bai behintzat, eta neure zati bat galdu banu bezala sentitzen naiz.

Osasunak ez dio askorik lagundu bere bizitzan, baina ez zenion hala ere kexarik txikiena entzungo, beti aurpegi alaiz eta umoreko.

Natura, izadia, gure lurra asko maite zuen eta bere edertasunak guri erakusten gozatu izan du, Azpeitia ingurua ez ezik, Urbasa, Lizarraga, Abarzuza... zenbat argazki eder ote ditu bilduak eta konpartituak!

Arrastoa utzi digu Azpeitian, bere jarrera apal, alai eta eskuzabalarekin. Esan beharrik ez zer nolako lana egin duen Pepe Gilen ondarea sailkatzen, aukeratzen eta gero liburu bikain batean gure eskura jartzen. Hala ere, Azpeitiko baserriena geldituko da guztion eskura bere lan nagusi, zenbat ordu sartu ote du? Baina zorionez egina dago eta hor dugu eskura informazio baliotsu askoa. Zenbat aldiz begiratu izan dudan harako baserri hura zein ote den jakiteko, oraindik ez baitago informazio guztia Google-n. Nire lan askotan erabili behar izan dut gidaliburu mardul bezain argigarria.

Aitortu behar dut min handia eman didala bere galerak, bere ustekabeko agurrak. Baina ongi pentsatzen jarrita, zortedun sentitzen naiz hain gizon bikainaren lankide izateko eta zaletasun asko konpartitzeko zoria izan dudalako. Hor utzi digu bere argazki guztien ondarea guztion gozamenerako.

Beajondaiala, Juan Joxe!

Lagun handi bat galdu diat, baina nirekin gelditu dituk hik emandako eta utzitako altxorrak.
Ez adiorik, eskerrik asko handi bat baino ez.

Laxaro.