Ezkiyoko biziyuek (I)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko abu. 7a, 08:58

Luis Gurrutxagak 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Duela ia laurogeita hamar urteko Ezkioko bisioez eta haiek sortutako istorioez pixka bat edo puska bat jakiteko aukera izan dut, William A. Christian idazle antropologo amerikarraren Las Visiones de Ezkioga liburu mardula irakurriz eta garaiko testigantzak jasoz. Ikusmenek gizartean sortu zuten eragina ikaragarria izan zen. Zirrara eta urduritasuna, beldurra eta itxaropena, sentimendu kontrajarriak eta latzak nahaspilatu ziren, erlijio eta politika aldetik asalduzkoak ziren garai haietan. Gaur egun erlijioarekiko dugun ikuspuntutik, ulergaitza da. Atzera salto egin behar, erlijioak gizarte osoan zuen indarrari eta eraginari erreparatzeko. Kontuan izan egoera soziopolitikoa: II.Errepublika bizpahiru hilabete lehenago ezarri zen. Nola ulertu gure baserri eta auzoetatik egunero mendiz haraindi Ezkiora joatea Ama Birjinari otoi egitera, eta itzuleran, gau erdian, basoan gelditzea hamabost misterioko errosarioa errezatzeko

Gertaerak

1931,ekainak 30. Antonia eta Andres anai-arrebak dira protagonistak. Haien baserritik gertu, hurbil dauden haritz batzuetan, Antoniak –11 urte– bat-batean, Ama Birjina ikusten du. Anaia Andresi –hiru urte gazteago– zera esaten dio: "Begira, Ama Birjina!”. Belaunikatu eta Agur Maria errezatzen duten bitartean, irudiak irriz begiratzen die, eta otoitza bukatzean, desagertu egiten da. Hurrengo egunetan, ikusmendun berriak ugaltzen dira. Albistea Euskal Herri osoan eta handik at berehala barreiatzen da. Uztailetik abendura, milioi pasa pertsona gerturatu omen ziren, zenbait egunetan 70.000 zenbatzeraino. Politikarien eta intelektualen artean sortu zen eztabaida deigarria da: Romanones kondea, Unamuno, Baroja, Azaña, Marañon medikua eta hainbat gotzain murgildu ziren ezbai sutsuetan. Christianek dio Ezkio leku sakratua bihurtu zela askorentzat, besteentzat gertakizunek duda-muda asko eragiten zuten, eta multzo zabal batentzat, leku profanoa zen hura.Testigantzek diote lizunkeria ere nabari samar ematen zela malda haietan: "Neska mutilak, hola jolasten badira / Niño Jesus gehio jaioko dira...", dio garaiko ahapaldi batek.

Kontu gehiago baditugu –gehienak ahoz jasotakoak–. Hurrengorako...