Izarraizpetik

"Eta argia egin zen"

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko aza. 20a, 09:29
(Argazkia: Pixabay)

Luis Gurrutxagak 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Egia da auzolana tradizioz ezagutu dugula, gutxi ala asko. Egia da, baita ere, garai batetik ia desagertu egin dela auzo edo herri txikietatik. Ohikoa izaten zen urtean zehar auzotarren artean antolatu eta herri inguruko bide, bidezidor, erreka bazter, iturri inguru eta abarrak garbitzea, inolako diru ordainik jaso gabe, herritarrentzat mesederako zelako. Deigarria egiten zait, ordea, politikarien artean – Jaurlaritzako lehendakaria barne– zein sarri erabiltzen duten auzolanaren kontzeptua, auzolangintzan aritzearen onurak aldarrikatuz. Gasteizko gobernuaren leloari errepara diezaiogun: : Eusko Jaurlaritza. Euskadi, auzolana.

Tira, oraingoan bost bat hamarkada atzera jo, eta auzolanean garatutako planaren istoriotxoa ekartzea otu zait, Nuarbeko eta inguruko biztanleei onura eta lasaitasun itzela ekarri zion proiektua. Ilea urdindua dugunok ondo gogoan dugu 60ko hamarkadan edo aurreko urteetan jasotzen genuen argindar zerbitzua zein ezegonkorra edo eskasa zen. Haizete edo eguraldi petral samarra izanez gero, akabo argia. Kandelak beti prest. Kontuan hartuta etxe bakoitzean otarreak egiten zirela, ilunpetan gelditutakoan etsipena eta malaletxea nabariak ziren. Irtenbidea? Iberdueroren argindar zerbitzuak berme eta ziurtasun osoa zuenez, eta Urrestillaraino iritsia zenez, elektrifikazio linea auzora ekartzea. Norbaitek galdetuko du: "Eta ardura hori herritarrena al da?". Kasu hartan hala gertatu zen. Ez zegoen besterik. Auzolan antolaketa martxan jarri zen, eta etxebizitza bakoitzetik, gutxienez, ordezkari banak parte hartu zuen lehen bileran. Aurrena beste herrietako esperientziaz ikasi behar, eta Alkizara jo zuten. Juantxoren autoan joan ziren, hala dio berak: "Beno, nik autoa ekarri berria eta taxilari egin behar...". Azpeitiko Udalarekin ere jarri ziren harremanetan. "Zapatu arratsaldeak probesten genizkian alkatearekin hitz egiteko, eta ez udaletxean, e! Uztarri tabernan, kopa hartuz eta puru ke artean. Harremana antzua izan huen, eta hurrengo urratsa administrazioko beste maila batera jo behar, hain zuzen, Donostiara, Industriako delegaziora", dio Martinek. Eta misio hori Jose Luisen esku utzi zuten; banketxean lan egiten zuen hark, eta jendearekin erdaraz mintzatzen ohitua zegoen: "Ni gaztetxoa izan, eta kokildu samar sartu ninduan bulegora. Eta ezustekoa! Oso funtzionario adeitsua eta borondatetsua topatu nian. Esan nionean udaletik ez genuela esperantzarik jaso... 'Eso ya veremos', erantzun zidaan. Haren laguntza ezinbestekoa izan huen proiektua bideratzeko". Istorio honetan ezin ahaztu J. R. Araolaza ingeniaria, hura izan baitzen proiektua idatzi eta Iberduerori aurkeztu ziona. Teknikaria topografo lanetan hasi zenean, berriz, Xexiliok lagundu zion argindar zutoinen kokapena zehazten: "Jo, haiek uneak! Hasi soroan zuloa egiten, eta... jabea irainka, hark ez zuela utziko zutoinak han sartzen eta. Zenbat komeri". Azken txanpara iritsita, Boniri –soldaduskatik lizentziatu berria– Iberdueroko teknikariari laguntzea tokatu zitzaion, etxe bakoitzera joanez argindarraren zenbateko potentzia jarri nahi zuten jakiteko. Eta horrela beste hainbat eta hainbat auzokide anonimo aritu ziren auzolanean, buru-belarri inplikatuz proiektuan. Udaletxeko artxiboko paperetan oinarrituz, 60 familiak jaso zuten zerbitzu berria, eta bost urte iraun zuen argindarra Nuarbera ekartzeko erronkak. Gainera, paper horietan zehazten da zenbat diru jarri beharra zegokion batzordeari; "xentimorik ez genian jarri", dio Martinek. Hain justu, aurten 50 urte bete dira nuarbetarrek ahaztu zituztela kandelak eta gauean sukaldeko mahai gainean argi pittin bat izateko jartzen ziren maripoxak. Behar bezala ospatzeko, 'hostoko' erraldoia antolatu zuten bertako elkartean. Merezitakoa.

Genesis liburutik ateratako hitzetan oinarrituz, eta kasura ekarriz: "Argia izan bedi! Eta argia izan zen...", bost urteko auzolanaren ondorioz. Gorazarre eta eskertza lortu zenutenagatik.