Izarraizpetik

Karobia: 200 m.

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2024ko urt. 29a, 08:42
Amenabar baserrikoen karobia. (Luis Gurrutxaga)

Luis Gurrutxagak 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtegia inguratzen duen bidean, nire ohiko txangoan nabilela. Kartela, bide ertzean: Karobia 200 m. Ondoan, zurezko zubitxo dotore bat, kainu-zulo sakona gainditzeko eta basoari sarrera emateko. Maldatxoa igo ondoren, landaredia erdian eta ia kamuflatuta... karobia, irmo, eta osorik. Kontxo, norbaitek hara zer ideia eta prestutasuna izan duen. Gerora jakin nuen, euren arbasoek erabilitako karobia ibiltariei erakustea Beizamako Amenabar baserrikoen kontua izan zela. Bejondeizuela! Zubitxoak eta karobiak han diraute. Baina kartelak, tamalez, gutxi iraun zuen. Baserri hurbiletan, bide inguruetan, baso ertzetan, sumatu izan ditugu karobiak. Batik bat udazkenetan nabaritzen dira, landaretza biluzten denean, eta gehienak erdi erorita daude. Oraingoan, baina, aurkikuntza honek kuriositate pittin bat piztu dit karobiez; bederen, jakiteko. Antza denez, kare hautsa sortzeko modu hau antzinatik dator, eta mundu zabalean ezaguna da. Diote Euskal Herrian XVIII. mendearen hasieran ugaritu zela nekazaritzan karea erabiltzeko ohitura, lurra ongarritzeko eraginkorra zela konturatuta. Kareharria egosteko labeak, karobiak alegia, XX. mendean zehar gelditu ziren, beste arlo askotan bezala, karea ekoizteko industria modu berriak garatu eta hedatu zirenean.

Baina nekazaritzarako bakarrik karea? Zenbait eraikuntzatan hormak osatzeko eta harriak lotzeko, kare-orea urarekin eta hondarrarekin nahastuta, sendotasun eta gogortasun handia emateko erabilia omen zen. Horregatik, etxe zaharretako hormak pikatzerakoan, kare aztarnak topatzea ohikoa da. Baita hormak zuritzeko ere. Errezilgo Estra baserriko Joxe semeak oso presente ditu gai honen inguruko garaiko kontuak: "Baserria erreka ondoan zagok, alde batean harrobia genian eta beste aldean karehaitza. Handik sortzen genian karegaia, letxeria (edo kare-esnea) egiteko oso preziatua huan. Badakik, urarekin nahastu eta hormak zuritzeko... Bada, urtero Zestoako bainuetxea eta hotelak guretik eramandako letxeriarekin zuritzen zizkiatean. Urtero. Etxe inguruan, hiru karobi genizkian, eta labeak martxan jartzeko su-egurra itxuragabe behar zian karehaitzetik kareharria lortzeko. Gurdikak. Behin labea piztuta, gau eta egun zaindu behar izaten genian. Gau-zaintza arinago izan zedin, oheratu aurretik enbor lodienekin kargatzen genian. Beste garai batzuk hituan haiek!". Desinfektatzaile gisa ere erabili izan da karea, gaixotasun edo izurriteak saihesteko karez zurituz ukuiluak. Abelburuen zauriak sendatzeko ere erabili izan dute. Beste erabilera bitxi bat ere bada: arrautzak kare-oretan sartzea gehiago iraunarazteko.

Gelditu diren karobiez zer esan? Karea ekoizteko aktibitatea bukatu zenean, garai bateko lekuko aztarna mutuak bihurtu ziren. Eta batzuk zabortegi bihurtu ziren. Karobi zuloek erabilera larriagoetarako ere balio izan zuten gerra zibilaren garaian. Durango inguruetan faxisten bonbardaketak saihesteko, bonbak erortzen ziren bitartean, karobietan gordetzen zirenak baziren. Ezin utzi kontatu gabe pasadizo bitxi hau: Pedro M. Otaño Santageda aizkolaritzaren historian gizon ospetsuenetakoak bere baserri inguruan zegoen karobia arrautza azalez bete omen zuen... Nonbait, apustuak prestatzen zituenean, haren dietan arrautzak oinarrizko garrantzia zuen... Kar, kar, kar!

Interesgarria izango litzateke gure bailaran harrizko labe hauetako bat edo beste berreskuratzea, mantentzea eta erakusgai jartzea –esaterako, Andoaingo Sorabilla auzoan bezala–, horma irudien bitartez informazioa emanez, hara hurbiltzen den orok jakin ditzan galdu den lantegi honen historiaren printza batzuk sikiera.