Iritzia

Gudaberriaz

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2022ko api. 22a, 08:56
(Argazkia: Pixabay)

Maialen Etxanizek 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Martxoko azken hondarrak eramanda, apirileko lehen olatuekin iritsi da udaberria. Bitxiloreak loretzen, egunak luzatzen, eguzki izpiak azala laztantzen, jendea Loiolan, jendea terrazan, marianito bat herriko plazan... Saltokietako erakusleihoek iradokitzen dute kolore argiz janzteko garaia dela, makillajearen tonua aldatzekoa, eguzkitako betaurreko berriak erostekoa... Udazkena malenkoniaz nola, udaberria alaitasunez janzten dugu, janzterik nahi ote duen jakin gabe. Eskuzabalik hartzen du jendeak udaberria, urtaro berriarekin batera aro berri bat hasiko bailitzan. Apirileko aldizkariaren azalak argi izpiak zabaldu dituen arren, argitasunetik eta alaitasunetik urrun, iluntasuna dario udaberriari aurtengoan.

Idatz nezakeen karnabalez, herriko auzoetara itzuliko diren festez edo kultur emanaldien uzta berriaz, zergatik ez. Egiatan, horiez idatzi dut idazten ari naizen testu hau idatzi aurretik. Honako hau aldizkarirako sortzen dudan hirugarren artikulua da, baina jendeak irakurriko duen bakarra. Ezin nion udaberri ilunaz idazteko aukerari iskin egin, ertz guztietan daudelako guda zahar eta berriak. Zortzi hamarkada igaro dira azken Mundu Gerraz geroztik, baina ordutik ez da egon gerrarik gabeko minuturik. Guda batzuk besteak baino isilagoak dira; beste batzuk erabat isilduak. Gerra hotsak Europara iristearekin batera isildu da pandemia. Koronabirusari lekukoa hartu dio Ukrainako gerrak. Baina Ukrainakoa ez da udaberriarekin datorren guda berria.

Orain arte Ukraina non zegoen ez zekien horrek gaur badaki sarraski bat jazotzen ari dela han. Errefuxiatuak gure herrietara iritsi dira, eta askok haien ahotik kontatutako bizipenetatik ezagutuko dute gerraren gordina. Bunkerrak, herrialdetik ihes egin beharra, gosea, suntsitutako herriak eta hiriak, bonbardaketak... Gatazka belikoan lehertu da duela zortzi urte hasitako gerra. Baina gerra bat, hori baino askoz gehiago da. Hala ere, besaulkian eserita dagoen euskal herritarren gehiengoak urrun sentitzen du gerra, NATO zer den bost axola zaio, nagia sortzen dio geopolitikak eta etxeko babesean sortutako gerra txikiekin kezkatuta bizi da. Ilundu diguten udaberria argiztatu ezinean ibiliko da jende ugari. Erosketak egin aurretik zer eros dezaketen eta zer ez pentsatuko dute askok.

Gerra txikien gudu-zelaian jarri gaituzte, partida jokatzea debekatu diguten bitartean. Betikoen gerretan, betikoak galtzaile. Horren adierazle dira gizartearen idiotizazio maila kezkagarria, petsamendu kritikorako interes eza, balioen gainbehera, faxismoaren gorakada, lehiakortasunaren normalizazioa, gazteen bizi eredu berriak, desoreka mentalak... Guda berrien aurrean gaude, baina tira, oraingoz udaberria da.