Bizitza bizio

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2022ko abu. 29a, 11:15
(Pixabay)

Maialen Etxanizek 2022ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Etxera iritsi berri da. Etxeko sarreran utzi du asteburuan lanetik kanpoko bestelako lanak egitera joateko Carabanchelera egindako joan-etorrian erabili duen maleta. Ez dauka tolestu gabe gordetako arropa poltsatik ateratzeko gogorik. Igandea da, eta bero egiten du kanpoan; zer esanik ez etxe barruan. Lagun baten aitak aspaldi erosi eta okerrekoa zela konturatu zenean oparitu zien haizegailua piztu du, eta besaulkian eseri da, gero zer egingo duen jakin nahi gabe. Enegarrenez, Gizajoen katalogoa ikusi du egongelako apalean, eta irribarre bihurria atera zaio, ohi bezala. Betitik atsegin izan du liburu horren azaleko irudia; zer esanik ez izenburua. Gizajo mordoxka sartuko luke katalogo horretan. "Joxean Agirrek bazekien zerbait", pentsatu du bere baitan, eta mila bider irakurri duen paragrafoa irakurri du ahots goran: "Guztiok izan gara abenturazale pare bat egunez edo poeta gau batez, denok bihurtu gara ausart edo samur edo gogor norbaiten begiradak hala eskatzen zuelako, edo antzaldatu gara eta hasi gara etxe bat margotzen, garbitu ditugu lorategiak, igo gara teilatura itoginak konpontzera irribarre baten truke". Sekula ez du irakurri gizajoei eskainitako nobela hasi eta buka; ez du nahi. Beraz, apalean utzi du, enegarrenez, gainerako liburu irakurterrazen ondoan.

Bizitza joan, bizitza ihes ikusten du, baina ez dio begi tristez begiratzen bizitzari. Inoiz baino dirdiratsuago ditu begiak. Azaleko mihisean egin zioten tatuajeak gogorarazten dio behinola izan zuela bizitza jateko gogoa; abenturazale amorratuaren grina, ameslari utopikoenarena, mundua irentsiko zuenaren ustea. Aldiro garbitu behar duen komuneko ispiluak erakusten dio gaztetan egindako tatuajea: Bizitza bizio dio, eta gizajoen katalogoarekin nola, irribarre bihurri bat marrazten da haren aurpegian, soinean daraman esaldiarekin topatzen den bakoitzean. "Zerbait banekiela pentsatuko nuen", gogoetatzen du irribarretsu.

Igandea da, eta bihar iritsiko den astelehenak izutzen du. Nekagarriak zaizkio astegunak. Lanarenganako loturak estutzen du. "Eskerrak oraindik ez daukadan hipotekarik, umerik, autorik...", hausnartzen du. Baina adinean aurrera doa, eta horrek ere estutzen du. Ingurukoak ezkontzen ari zaizkio, aurreneko haurrak ere jaio dira, baina berak urrun ikusten du hori guztia...

Lasai egon nahi du, inoiz baino gehiago. "Munduan zehar bidaiatzeak beste balio du gaur lasaitasunak", dio. Egoten egon ahal izatea desio du egunero, Paul Austerren New Yorkeko trilogian barna bidaiatzeko denbora bilatzea edo lagunak oparitutako liburu ulertezinaren konplexutasunean galtzea. Horregatik, bizitza bizio izan baino, bizitza bizigarri bat edukitzea du nahiago. Igandea da, eta bihar astelehena.