Tokikoak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2023ko mar. 1a, 08:47

Maialen Etxanizek 2023ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtarrilean zazpi urte bete ziren Uztarrian lanean hasi nintzenetik. Gauzak asko aldatu dira ordutik. Perez Arregi plazako bulegoan egiten genuen lan orduan. Leku hezea zen, hotza. Alde batean Uztarriakoak geunden, eta beste aldean, izatez bi metrora baina irudipenez mila kilometrotara, Hitzakoak zeuden. Haien ondoan zegoen erredakzioko komuna; handik sartzen zen janari usainak gogorarazten zigun ostegunetan pintxo-potea egiten zela. Noizbehinka, Kantujirakoen entseguetako piezak entzuten genituen, karnabalak edo uda sasoia ate joka zirenaren seinale. Postaria etortzen zen egunero, eta señora bat edo beste ere bai. Eskuz jartzen genien pegatina aldizkariei bazkideen etxeetara irits zitezen. Denborarekin, Hitzakoak eta Uztarriakoak batera hasi ginen lanean, eta bulegoko berrantolaketa egin genuen, guztiok elkarrekin egoteko eta hobeto lan egiteko. Finean, gauzak hobetzeko asmoz. Maitasunez gogoratzen ditut hasiera haiek, egiatan.

Unibertsitatean Tokiko Hedabideak izeneko irakasgaia geneukan. Askotariko auziak lantzen ziren: Euskal Herriko lehen herri hedabideen eta herri irratien sorrera, horiek euskararen normalizazioan egindako ekarpena, tokiko hedabideetako kazetaritzaren ezaugarriak, herri hedabideen zailtasunak eta onurak... Gaur egun ez dakit irakasgaia eskaintzen duten, baina horrela izatekotan, edukiaren mamia aldatuko zela pentsatzen dut. Azken hamar urteotan ikaragarri aldatu dira gauzak arlo horretan. Sare sozialen mundu zabalak eta irudiaren eta ikus-entzunezkoen garai berriek eragin zuzena izan dute informazioa kontsumitzeko joeretan, baita edukiak sortzeko moduetan ere. Aukera berriak ireki dira, eta aukera berri horiek jopuntuan jarri dituzte orain arteko informazio bideak. Baliabide teknikoak dituen edonork informa dezake, nolabait, eta horrek sortu du lehia testuinguru berri bat.

Tokiko hedabideak indartzea eta eraberritzea ezinbestekoa izango da iraungo badute, baina aldaketa horiek nola eta zertarako egiten diren jakitea ere garrantzitsua da. Nire iritziz, arriskutsua litzateke tokiko informazioa ekoizpen lehiakortasun ikuspegitik ulertzea eta lantzea. Tokiko informazioa gertukoa da, bere onean eta txarrean. Tokiko informazioak samurtasunez nahiz zorroztasunez aritzea eskatzen du, eta horrek bere denbora eta lekua. Tokiko informazioak ezaugarri eta bereizgarri propioak ditu, eta beste kontu bat da garaira nola egokitzen den. Tokiko hedabideen edo informazio generoko lanen ekoizpena eta kontsumoa merkantzia gisa tratatzea arriskutsua da.

Perez Arregiko eraikina berrituko dute eta modernoago jarri, baina niretzako dagoeneko ez da lehen zena.