Korapiloa

Aldi berriak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2023ko uzt. 21a, 10:26
(Zoe Martikorena)

2023ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Garai berriak omen datoz edo omen dira. Belaunaldi berriak, ziklo berriak, aldi berriak. Batzuentzat aldiak urteurrenekin hasten dira edo ospakizunekin edo tragediekin. Lege aldaketekin edo eskubideen galerekin. Udal eta foru hauteskundeekin ireki zen zikloa batzuentzat, beste batzuentzat duela hamar urte, edo agian duela bost urte hasi zen bide berria, eta beste batzuentzat uztailaren 23an hasiko da, akaso. Garaiak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta aldiak aldi egiten dituzten askotariko faktoreak daude, izan sozialak, politikoak, ekonomikoak edo kulturalak, eta denak batera. Aldiak aldi, aldi guztiek dituzte alde ugari.

Azken asteotan sarri entzun dut garai beltzak datozela. Udal eta autonomia hauteskundeen emaitzek sortu dute horrelako sentipen bat, otsoa datorrenarena. Espainiako hauteskundeetako testuinguruak beldurra sortzen dio hainbati, eta ez du ulertzen zer ari den gertatzen. Nola da posible faxistak gobernuan jartzea? Nola da posible hau edo beste. Eta bai, posible da. Baina nola ez da posible izango? Garai beltzak izan badira dagoeneko. Alde guztietara begiratu besterik ez dago. Hauteskunde garaian eta garaitik kanpo foku mediatikoa non jartzen den begiratzea besterik ez dago. Boterea eta presioa non... Batzuentzat gauza batzuk soilik gertatzen dira, eta beste batzuk nahieran kontatzen dituzte. Ez naiz Espainiako hedabideez soilik ari, Euskal Herrian ere alde batzuk soilik kontatzen dituzten hedabideak baitaude.

Batzuentzat aldi berria izango da euskalduna, feminista, independentista eta sozialista, baina aldi berria faxista ere bada eta antikomunista eta arrazista eta transfoboa. Batzuentzat izango da nazionalista, espainolista, zentralista, inperialista, matxista, sexista... baina aldi berriak baditu beste alde batzuk ere. Agian ez dira atseginak askorentzat, batzuentzat deserosoak dira, amorragarriak akaso; orain artekoak zalantzan jartzen dituen aldea ere badago, gobernuek urteetan hartutako erabakiak zalantzan jarri dituztenak; instituzioetan hartzen diren erabakiek, izan feminismoari dagokionez, izan etxebizitzaren auziari dagokionez, lan arloan, gizarte politiketan... dituzten eraginak aztertu dituztenak. Faxismoa borrokatzeko aukerak pentsatzen ari direnak, euskarak izan duen norabide aldaketa aztertu dutenak, etxebizitza politikek izan ditzaketen eta dituzten mugez pentsatzen dutenak, emakumeen merkantilizazioa salatzen dutenak, emakumeen hipersexualizazioaz kezkatu direnak... Horiek guztiek ere osatzen dute aldi hau, eta faxismoak nola izan dezake eragina gizarteko zenbait sektoretan. Aldi berri hau ezin da ulertu eta ezin da kontatu alde guztiak begiratu gabe.