Korapiloa

Zer den zuretzat

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2023ko abe. 30a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Maialen Etxanizek 2023ko abenduko uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Iritsi da egutegi berriak eskuratzeko eta zintzilikatzeko ordua; agenda berriak estreinatzeko garaia.

A zer argazkia gelditu zaiguna urteko azken hondarretan. Espainiako politika instituzionalak zirkura gonbidatu ditu herritarrak, eta faxistaz bete ditu kaleak. Mundu mailan antzekoa da estanpa. Begiratu Argentinara. Palestinan, genozidioa. Hedabideetan, betikoa. Eta batzuk irudi eta hitz ederren esperoan.

Podcasten booma iritsi da, eta horrekin batera iritsi da iritzi mardul eta hitz jario ederren hileta. Orain, edonork esan dezake nahi duena nahi duen eran, nahi duenaren aurrean, eta ardurarik gabe. Orain, asko dago teatrotik eta gutxi edukitik. Podimo bezalako plataformek ahalbidetu dute iritzia ematearen ariketa banalizatzea eta esatari edo narratzaile figurari ardura guztia kentzea. Duela gutxi entzun dut podcast batean emakume baten ahotan, emakumeak bere gorputza sexualizatzeko eskubide guztia duela horrela nahi badu, eta emakumearen sexualizazioa ez dela ezer negatiboa. Emakumeari "balioa" ematen diola, eta kito. Ez arrazoiketarik, ez argudiorik. Bota, eta utzi egoten eta zabaltzen, eta jendeak normalizatu dezala pertsonaia horren iritzia. Dena esan daiteke, baldin eta ez bada arrazoitzen; izan ere, "arrazoia aspergarria da, eta ez du ezertarako balio". Entzun dut berdin duela norekin oheratu zaren aurreko egunean, zure bikotekideak ez baldin badaki. Entzun dut bakardadearen inguruko hausnarketa eskas bat, zeinetan saioaren gidariak dioen saioa bera terapia dela berarentzat. Entzun dut gizonak emakumeen etsaiak direla, ezin ditugula haiekin gure espazioak elkarbanatu. Edozeren inguruan norberak pentsatzen duena publikoki, kanal irekien bidez, esatea batzuetan arriskutsua da. Norberarentzat terapia dena ez da entzuten ari denarentzako terapia. Zenbait gauza arduraz esan behar dira, eta ardura hartu behar da esaten den hori nola plazaratzen den. Ez dezatela mikrofonoek agindu. Denak ez du berdin balio, eta denak ez du balio. Eta horrelako argazkiak gelditzen zaizkigu gero. Norberak bere buruari besterik ez dio begiratzen. Badirudi berdin duela esaten eta egiten denak nola eragiten dien ingurukoei, entzuten ari diren hartzaileei. Dena askatasunaren izenean. Eztabaidarako kulturarik ez dago.

Dena den, informazioaren inozentziaren mitoa deseraikitzea garrantzitsua da guztia informaziotzat hartzen den garaiotan; izan ere, informazioak hartzailearen erabakietan eragina du, hartzaileak hori baimentzen badu. Zoritxarrez, gaur egun larriena da muturrerainokoak direla onarpen hori ezartzeko bitartekoak.

Tira, nire iritzia da hau. Ez dakit zer den zuretzat, irakurle, baina eztabaida irekita uzten dut. Kalean edo tabernan ikusiko dugu elkar.