Korapiloa

Ondoezak

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2024ko api. 25a, 08:49
(Argazkia: Pixabay)

Maialen Etxanizek 2024ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Neska gazteak hilabeteak daramatza nekatuta; eskolako lanei aurre egin ezinda, presiopean ikasten, unibertsitateko sarbidearen zama soinean. Hark badaki hezkuntza publikoa dela bere aukera bakarra, eta badaki ezin duela hutsik egin. Unibertsitate pribatuan matrikula egitea ez da aukera bat harentzat, inola ere ez. Ondoeza eragiten dio horrek, eta estresa.

Neska gaztearen amak badaki ezin diola alabari unibertsitate pribaturako matrikula ordaindu. Badaki alabak unibertsitate publikoan plazaren bat eskuratzen ez baldin badu, mundua eroriko zaiola gainera. Emakumeak badaki lanean jarraitu behar duela, gorputzeko minek uzten ez dioten arren. Emakumeak badaki bizitza osoa lanean igarota ere, ezingo diola alabari unibertsitate pribaturako sarbidea ordaindu. Emakumeak badaki egoeraren gordina, eta horrek ondoeza eragiten dio, eta estresa.

Baserritarrak urtebete darama gauetan begiak bildu ezinik. Denbora luzez familian zaindutako lur eremua lapurtuko diotenaren beldur bizi da. Baserritarrak badaki zentral eolikoen mamua ez dela ametsetan agertzen den horietakoa. Balizko proiektu eolikoak ondoeza eragiten dio, eta beldurra.

Garbitzailea nekatuta dago protestan dabiltzan ikasleen kartelak kentzeaz eta pintaketak garbitzeaz, baina barrenean ados dago haien aldarriekin. Garbitzailea protestan ari diren horietako baten aita da, eta nagusiek agintzen diotena egiten du.

Mutil gaztea burua ezin altxatuta dabil bikotekideak utzi duelako. Badaki gurasoenera itzuli beharko duela, ezin baitu alokairua bakarrik ordaindu. Lanpostu finkoaren faltan, hiru lan egiten ditu, eta ez da hilean 1.500 eurora iristen. Amorruz bizi da.

Erizaina lehertuta iritsi da etxera. Afal garaian kontatu du lantoki duen ospitaleko egoera zein den; zenbaterainokoa den baliabide falta. Erizainak badaki pazienteak direla zerbitzuaren okerrak pairatzen dituztenak. Goizean ospitalean artatu dituen aitona-amonengan dauka burua. Aitona batek telebista jartzeko eskatu dio, baina hark ezin jarri, telebista ere ordainpekoa delako. Senideek ez diote ordaindu telebista zerbitzua. Senideek badakite ezin dutela ordaindu.

Banaketa lanetan ibiltzen den gazteak sei hilabete egin ditu lanean, eta kontratua berritzeko garaia iritsi denean kalera bota dute. Haserrea eragin dio horrek, eta ondoeza. Baina ez du barrurako gorde.

Neska honek ere baditu bere kezkak, amorruak eta barne gudak, baina egunero pentsatzen du zenbat balio duen antolatzeak, lasai egoteko eta libre pentsatzeko inguruneak edukitzeak. Zenbat balio duen zaintzen eta indartzen zaituenak.