Dantzan nekatu gabe

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2014ko ira. 9a, 12:58

1848an James Marshall lanean ari zen bere gizon koadrilarekin American izeneko ibaian, Coloma-n, Sacramentotik (Kalifornia) hurre. Urtarrilaren 24an, goizean goizago, urrezko pipita txiki-txiki batzuk aurkitu zituzten. Aurkikuntzaren berri martxoaren 15ean agertu zen lehenengo aldiz San Frantziskoko The Californian egunkarian. Marshall hark urrea aurkitu eta pixka batera, beste batzuek ere aurkitu zuten. Urrearen lasterketa hasi zen, gero eta eroago.

Urrearen hotsak munduko bazter guztietako jendea eraman zuen Kaliforniara. Historian izan den migrazio-olderik handienetakoa eragin zuen urre-harriak. Denbora gutxian milioi erdi bat lagun bildu zen Sacramento inguruko mendietan, urrearen deiari erantzuteko asmotan. Munduko lau kornerretatik bildu zen jendea. Friedrich Gerstäcker izeneko bidaiari alemanak kanpamenduetako bat bisitatu zuen 1850eko maiatzean. Anglosaxoiak, batetik, atzerritarrak, bestetik, haserrearen berri eman zuen bidaiariak. "Euskaldunek errifle eta eskopetak atera zituzten, esanez onena armak hartzea izango zela amerikarrek errespeta zitzaten. Kanpamenduko dendetan ez zen giro frantsesen eta, batez ere, euskaldunen inguruan. Haserre hots egiten zuten. 'Deabruak!', eta 'Amerikarrak zulora!'".

"Jende arraroa"

Beste ibiltari batek, Kanadako William Perkinsek, zera idatzi zuen bere egunerokoan, 1852an: "Euskaldun bat ekarri dute hilik, koioteen kanpamendutik. Gauez lurperatu zuten haren lagunek, zuzien argitan. Beraien ohituraren arabera, mosketoi tiroak bota zituzten hilobiaren gainean. Euskaldun hauek jende arraroa da. Bestalde, asko dira hemen. Oro har, jende lasaia da, gogotik lan egiten dute, baina berotzen direnean oso arriskugarriak dira. Nonbait, Europako herririk zaharrena da, ohiturak eta hizkuntza gorde dituena; galestarren pareko, beharbada. Gizon atletikoak dira, oso indartsuak: lana latz egin ondoren, haien denbora pasa dira txingoka jolas egitea, eta burdinazko barra edo harri astunak jasotzea. Munduko soldadurik onenak izan zitezkeen, baina hain harro dira, uko egiten baitiote armadan izen emateari. Beraien hizkuntza frantses zahar baten eta espainol are zaharrago baten nahaste-borrastea da, eta ez Pirinio alde batean jaiotako espainiarrek, ez besteko frantziarrek, ulertzen dute hizkuntza hori. Mexikarrek harri-harri eginda begiratzen diete, leloturik. Haien buruan ezin da sartu euskaldunek ariketa fisiko nekagarriak egitea, denbora pasa!
 
Horien harridura Turkiako Pashak izan zuenaren parekoa da: joan omen zen Pasha Ingalaterrara lehenengo aldiz eta dantza ikustea egokitu zitzaion; eta hango gizon eta andreak dantzan ari zirela egiten zituzten mugimendu bihurriak ikusi eta esan omen zuen: 'Ene Allah!, eta zergatik ez ote dute jendea kontratatzen beraientzako dantza egin dezan, norbera horrela nekatu beharrean!'".
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.