1980, ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2014ko aza. 25a, 10:28

1980 zen urtea, ikastolan irakasle sartu ginenean, Loiolako basilikan. Gazte ginen, gazte, eta ez geunden konforme. Mundu hobe bat genuen amets.

Ikastolan irakasle lehenengo urtean, eta ahaleginean gela barruan, ahaleginean jolasean eta jokoan gelatik kanpora jolas garaian. Hantxe Jone eta Itsaso, Andoni eta Jexus Mari, Ismael eta Ales, Arantxa eta Edurne, Amaia eta Izaskun eta Alazne, Xabier eta Roberto eta Axkiola... jolasa zenean jolasean, ikasi behar zenean ikasten. Eginahalean baino gehiago, ahaleginean. Kanpoan euria zenean, basilika barruko eskaileretan gora eta behera genuen jolaslekua... eta hantxe izoztuta daukat nik errekuerdoa, gutxitan izan ginelako barru harrizko hartan jolasean gu. Neska-mutilak eskailera hotz haietan gora eta behera, buila eta hoska, orro eta txilio, eta egunkarian artikulu bat irakurtzen gu. Egin irakurtzen guk orduan. Harexek opa zion zer edo zer euskarari. Harexek zekarren, noiz edo noiz, mundu berri bat opari. Azaro hartako egun hartan irakurri genuenak ileak laztu zizkigun. "Letu al dek? Letu al den? Letu al dezue?", lagun konplizeei galdezka, beldurtuta... Joseba Sarrionandiaren eskutitza zen, Madrileko Carabancheleko kartzelatik nola edo hala baten batek praketan –"sartu itzazu galtzetan"–, atera eta Egin-era bidalitakoa. "Ez gara abereak baino dohatsuago" zuen izenburua... "Kurloiez betetzen da goizero galeria, zeldako atea zabaltzen digutenerako. Hotza egiten du, hezurretan itsasten den hotza, harri eta burdinazko hotza, Carabancheleko hirugarren galerian. Barandara hurbildu eta beste preso asko ere ikusten da irteten egun berriari diosala bat erakusten. Atzo bezala, bizpahiru egun bakarrik hemen nagoela, eta aski hemengo egunek duten elkarren antzaz ohartzeko, kurloi berberak dirudite egunero sartzen direnak. Baina hau palazio bat da komisariaren ondoan. Zazpi egunez ukan ninduten Indautxuko komisarian eta egiaz esan dezaket halango sofrikariorik ez zaidala sekula irudimenetik ere iragan. Entzunak nituen torturari buruzko gauzak, oinaze fisikoa eta psikikoa eta umilazioa zelan elkartzen diren giza eskubide oinarrizkoen aurka. Baina sekula ez nuen –Indautxura heldu arte–, torturaren zentzua eta oinazea antzeman eta entelegatu. Honela izan zen, halako gauza bat kontatu ezin daitekeen arren: goizaldeko hiruretan detenitu ninduten Durangon eta Guardia Zibilaren koartelera eraman, eta kolpatu. Gero Bilborantz abiatu behar zirela eta autora sartu ninduten. Bidean, mendira eraman eta hilgo nindutela esanik, leku ilun eta bakartietara eraman ninduten...".

Hitz haiek jirabueltaka

Hogeita hamalau urte joan dira, eta, oraindik, hitz haiek jirabueltaka, Loiolako eskailera harrizko, burdinazko hotz haietan neska-mutilen txilio artean.

Torturatuaren orroak ematen zuten...

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.