Miel Anjel Elustondok 2020ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Maeztun ziren bi lagunak. Arabako mendialdeko herri txiki baina udalerriko buruan. Udaberriko giroa ekarri zuen eguna, argia, atsegina, tamaina-tamainakoa, baina soroek udaberria ez beste sasoia salatzen zuten. Ereintza garaia zuten laborariek, uzta biltzeko makinarik gabe, traktoreak zebiltzan errepide bazterretan, eta argitasuna gorabehera ere, zeruan goienean beharrean, ekitik mendebaldera konkor eta makur jotzen zuen eguzkiak. Udazken eguna. Jan ere zuten eta, tabernatik irtenda, lanari lotzekoak ziren alkatea eta laguntzailea, ez alkate ez zinegotzi ez aholkulari zen arrotz hura. Kargurik ez bazuen ere, "langile autonomoa", horixe haren titulu nobleziazkoa, gogoan josita zeraman beti bi lagun haiek, betharrandarren ikastetxeko patioan futbol edo saskibaloi partidaren bat ikusten jendea, ondora etorri zitzaizkion eguna. Zinegotzi izateko izena emango al huke? Inork ez zuen elkarrizketa motz hartan txisturik gastatu. Ez, ez, ez diat neure burua gauza ikusten. Vade retro. Jainko ezjainkoagatik! Gogoan zuen hilabete batzuk lehenago ere horixe agindu ziola harako neska batek, alegia, herriko zinegotzi izango zela egunen batean, politikarako zuen jaieragatik, inondik ere. Ez, ez, ez dinat neure burua gauza ikusten esanez, lorea ukatu zion neskari ukatzen ari zitzaiola iruditu zitzaion.

Mila urte igaro eta urak bere bidean, zinegotzi gabe ere alkatearen ondoko ari zen lanean egun hartan bere jaioterrian zinegotzi izateko izena emateari uko egindako emakumea, eta pentsakizun horietan zen alkateari telefonoak jo zionean. Barkatu, esan eta hartu zuen telefonoa Maeztuko alkateak, emakumeari autoa seinalatuz. Nahi bazuen, sartzeko, alegia. Baina giro ederra zen kanpoan, makina baten barruan baino puskaz giro ederragoa, eta bizpahiru pauso urrundurik ere, Belenek ez zuen autora sartzekorik egin. Hainbat gaizto berarentzat, horrelaxe aditu ahal izan zituen alkateak ematen zituen esplikazioak. Herriko agintari gorenari agintzen ari zitzaion baten bat. Estu hartzen. Azalpenak ematen alkatea...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide