Soka luzean

Migratzailearena

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2023ko aza. 28a, 08:42
(Argazkia: Pixabay)

Miel Anjel Elustondok 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Bi aste behar izan nituen Maghniara heltzeko, Aljeria eta Maroko arteko mugara. Han, zain egon behar izan nuen hilabete bat. Maghniatik kanpora ez oso urruti kanpamentutzar handi bat eginda zeukaten, migratzaileentzat. Ez zen leku ederra, eta neure herria utzi izana, Gao, damutu zitzaidan. Zalditik astora egin nuen. Hura infernua! Nahi beste pertsona hil ziren kanpamentu hartan. Gizonezkoek baino ez zuten handik irteteko baimena, janari eta ur bila joateko. Emakumezkook, kanpamentuan ginen beti, giltzapean. Jan eta lo egiten genuen, besterik ez. Ez zen erraza. Gaixo itxurak egiten nituen, niregana gizonik ez arrimatzeko. Haurdun nengoen, baina horrek ere ez zidan askorik lagundu. Kanpamentuko gizonek larrua nahi izaten zuten, eta guregana etortzen ziren, nahi zuten orduko. Neskek larrua ukatuz gero, gizonezkoek jo egiten zituzten, edo kutxilloa hartu eta ebakiak egiten zizkieten. Nik, esan dut, gaixo plantak egiten nituen, haurdun, baina ez nintzen fio eta, esate baterako, noizean behin besterik ez nintzen joaten dutxatzera. Entenditzen duzu, ezta? Ez zen halakorik bizitzen nuen lehenengo aldia, ohituta ere banengoen, baina Maghnian diferentea zen, ez zegoen handik eskapatzerik, hura migratzaileentzako kartzelatzar handi bat zen, Marokoko mugan. 2005ean izan zela uste dut, urtearen hasieran, Europara sartzeko azkeneko oztopoa gainditzeko prest nengoen. Baina han bazen okerren bat. Bidaia luzea egin nuen haraino, baina banekien ni Europara sartzeko dirua pagatzen ari zirenek, lehenbailehen jaso nahi zutela ordaina, eta, horretarako, ni prostituzioan sartzea nahi zutela, baina nik besterik nahi nuen: Europara heldu, eta eskapatu egingo nintzen, beste behin, neure bizia egin ahal izateko. Prostituzioa. Saiatuta nengoen lehenago ere, eta ez nuen horretarako balio. Azkeneko pausoa emateko garaia etorri zen: Tangerrera joan behar nintzen, tarte batean mendian bizi neure ume jaioberriarekin, han barkua hartu eta Espainiara joan...".