Peseta, caballo, manzana

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2014ko eka. 23a, 12:21

Bizitza den bide liluragarri honetan hainbat jenderekin, libururekin eta paisaia zoragarrirekin topo egiten dugu. Bizitzan zehar ikasten dugu jaten, korrika egiten, jolasten, irakurtzen, pairatzen, maitatzen, bizikletaz ibiltzen, hitz egiten, isiltzen, eta abar, eta abar... Bizitza ikastea delako.

Baina egun batean gehien maite ditugunetako batek esaten digu ez duela gauza berririk ezagutzeko beharrik. Eta bere jakinmin ezak mintzen gaitu, igartzen baitugu lehen seinale dela, gugandik urrunduz doala eta bizialdiaren azken epean dagoela.
 
Horrela, beste egun batean gure izenaz ez da oroitzen. Edota guraso zirenak bizirik daudela uste du.
 
Orduan, geldiezina dena gelditu nahian, medikuarenera daramagu. Eta duela hiru aste buruargia zenak ezin du peseta-caballo-manzana errepikatu, edo caballo perro-rekin nahasten du. Eta  jabetzen gara: bizitza ahanztea ere bada.
 
Poliki-poliki abilidade guztiak galtzen goaz: gidatzea, sukaldatzea, telebista jartzea edo taka-taka erabiltzea. Burua oso beteta edukiko bagenu bezala, naturak astintzen eta husten gaitu, izen propioa ezezaguna egin arte. Nola burutu ez jakin arren, komuneraino iristeko pasillo madarikatu hori zeharkatu behar dugula gogoratzen dugu bakarrik.
 
Bizitzan zerbait iraunkorra egin nahi dugu, baina azken uneetan galtzen dugu pertsona egiten gaituena ere: zeintzuk ziren gaztetako ilusioak, zergatik borrokatzen garen, zein izan den gure atsekabe handiena, zein lorpen goxoena, zerekin eta zeinekin gozatzen garen edo Mexikoko egonaldi hura.
 
Memoria hori galtzeak gure gizatasuna desagertzea suposatzen baitu.
 
Horrexegatik, gure txanda ailegatzen denean, eduki genituen ametsak zeintzuk ziren gogorarazteko norbait aldamenean izatea da bizitzari eska diezaiokegun gauza bakarra.
 
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.