Sutan akabatu

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2014ko ira. 8a, 12:05

Liburuak existitzen direnetik, irakurri eta sutara bota izan dira. Liburuak maitatzen ditugunontzat, irakurtzea da beste batek egindako errealitatearen interpretazioan sartzea eta gure eguneroko bizitzatik ateratzea: gaixoarentzat abenturak bizitzeko aukera, presoarentzat askatasunaren txokoa, emakumeentzat mugak gainditzeko tresna, umeentzat ikasteko bidea, gazteentzat heltzeko erreminta eta guztiontzat beste mundu bat posiblea dela konturatzeko modu erraz eta aberasgarria.

Horrexegatik, askatasunaren kontrako etsaiek liburuei eraso egiten diete herrialde guztietan. Txinan, Alexandrian, Yucatanen, Europan... boteretsuei gustatu ez zaizkien hitzak eta pentsamenduak sutan akabatu dituzte.
 
Erromako elizak erakutsi digu liburuak erretzeko duen gustua: Hegoamerikan, aspaldiko kodeak jentilak izatearren; Europan, liburuak fedegabeko edo heretikoengatik. Gero, eta gauza batek bestera daramanez, pertsonak erretzen aditu handia izan da Inkisizioa.
 
Berlingo Bebelplatzen, 1933ko maiatzaren 10ean eta unibertsitatearen parean, "alemanen kontrako" liburuak erretzen hasi zen nazismoa. Zorrozkeria horretan Bertold Brecht, Hemingway edo Joseph Roth-en lanak iraungi ziren. Handik gutxira, liburuak ez ezik, pertsonak ere txikitzeko erabakia hartu eta "azken irtenbidea" deitu zioten.
 
Adibide horiek ikusita, liburuak erretzea izan ohi da beldurra edukitzeko lehendabiziko urratsa. Horrexegatik, San Joan gauean Azpeitiko plazan umeek, gurasoek lagunduta, matematika, biologia edo historia gidak sutara botatzen dituztela ikusteak mintzen nau. Malezi gabe eta jolasean egiten dute, baina batzuetan tolesgabetasuna akats bihur daiteke; batez ere, zorrozkeria handitzen ari den garaiotan, gure umeek erretzen ikasten dutelako.
 
Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.