Aurten gehiago zainduko naiz

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2024ko ots. 6a, 08:47
(Irudia: Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urtea hasi berri da, eta normala da aurten bete nahi ditugun helburuen inguruan pentsatzen hastea. Lehenagotik egin dugu jada pasa den urtearen errepasoa; zer joan den ondo eta zer ez horren ondo. Urte ona izan da aurrekoarekin alderatuta? Eta ez dakit zuek, baina ni behintzat berehala hasten naiz urte berriarekiko espektatiba eta ilusio berriak ezartzen, zin eginez datorren urte honetan nire bertsiorik onena izango naizela.

Baina, orain dela urte batzuk ohartu nintzen nire bertsio onenaren ideia horren baitan, nire gorputza aldatzea, argaltzea, askotan erdigune zela. Ohikoa da entzutea garai honetan gehiago 'zaintzen' hasiko naizenaren esaldia: "Aurten kirol gehiago egingo dut, hobeto jango dut, eta kilo batzuk galduko ditut. Gehiago zainduko naiz".

Egun, ordea, konturatu naiz helburu hori bete nahi izatearen arrazoia zaintzatik urrun zegoela errealitatean. Eta noski, ezin da ukatu nork bere osasuna zaindu nahi izatea zilegi dela. Baina tamalez, askotan osasunaren eta argaltasunaren arteko lotura egiten dugu.

Egun, ezin dugu ukatu gorputz idealaren, balizkoaren eta osasuntsuaren inguruan sortu den ideia horrek mota askotako arazoak ekarri dituela gure gizartera. Eta iruditzen zait, bereziki Gabonen ondoren, non gure buruari nolabait gehiago jateko 'baimena' ematen diogun, arriskutsuago bihurtzen dela mezu hori. Ez da kasualitate hutsa, urte berriaren hasiera honetan, horren normala izatea zaintzarekiko dugun kopla. Urtarrilean dugun gorputza ez ote da ba urteari aurre egiteko aski baliozkoa?

Pentsatzen dugu, nolabait, konpentsatzen hasi behar dugula. Eta nire galdera da: zer dago konpentsatzeko? Konpentsatzeko joera hori beldurrek sortzen dute. Eta barkaidazue esatea, baina beldur hori askotan ez dator gure osasuna kaltetuta dagoela pentsatzetik. Gabon hauen ondoren lodiago gaudela pentsatzen dugu eta gure gorputzetan ustez epaituak izango diren kilo horiek beldurtzen gaituzte. Beldurra ea gure gorputzak onartuak izango diren. Ispiluan begiratu eta gure gorputzak gorrotatzeko beldurra. Beldurra ea nabarituko duten. Eta beldurra ea zer pentsatuko duten.

Eta beldur hori gorputz lodiei lotzen zaien negatibotasunetik dator. Guztiz baliozko gorputzak izango ez balira bezala. Osasunaren izenean jarduten dute, gure gorputzek inori osasuna zor ez dieten bitartean. Eta noski, osasun fisikoa jartzen da erdigunean, baina non dago buruko osasunaren zaintza? Argaltzea errezeta magiko bat balitz bezala saltzen da, gorputz argalago batek gure ustezko 'arazo' denak konponduko balitu bezala.

Urtea hasi berri dugu, eta espektatiba eta betekizun guzti horien harira, benetan zaintzen hasteko aukera egitea gomendatu nahi dut. Zaindu gaitezen denon artean. Inoiz ez baitakigu gure ondoan dauden lagunei, lankideei, seme-alabei, gurasoei, lehengusu-lehengusinei edota ezezagunei nola eragin diezaieketen gorputzen eta janariaren inguruan egiten ditugun komentarioek. Zaindu ditzagun gure hitzak, gure jarrerak eta gure epaiketak. Zaindu dezagun gure buruari hitz egiteko modua. Zaindu dezagun gure gorputza benetako zaintzatik, benetako estimutik, onarpenetik, benetako osasunetik.