Aburuak

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2020ko abe. 14a, 08:27

Oier Etxeberriak 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ni ere oso txarra naiz izenak ikasten. Anai-arreba zaharragoren bat bazeneukate apika... Prest nago zerbait ulertzen ez bada behar adina aldiz errepikatzeko. Eta zalantzaren bat baldin baduzue, galdetu lasai; edo bestela bidali mezu bat posta elektronikora.

Oholtzara deitzen gaituzte gure izen eta bi abizenez; konpromisozko txalo uholdean, begirada non ezkutatu ez dakigula. Sorbalda gainean jarriz atrezua besteko zor bat; lehenaz gain.

Bi musu eta bostekoa. Bostekoa eta bi musu. Bulegora heldu berriaren normalitate zaharra hori da (zen). Hau da zure eserlekua, beraiek zure lankideak. Ongi etorri, topo egingo dugu egunerokoan.

Agian, horregatik ez zaizkit aurkezpenak gehiegi gustatzen. Sarreretako alfonbrak bidea baino luzeagoak direlako usu. Proiektuen hastapenetan helburu zerrenda luzea da, eta astia, berriz, laburra. Liburuen hitzaurreek ere iragarpenez betetzen gaituzte, ilusioz, geroan asebete gaitzaten zailduz. Kea saltzen duenak, sutu. Irudipena, ordea, sarrera handiko etxeak faltako duela nonbait eremu ebatsia. Azalari mokoka ase, mamia dastatzera ez ote garen iritsiko. Luzamendu handirik gabe, beraz, bideak berak nabarmendu dezala zein zen bideorria. Dabilenak topatuko du zidorra.

Lanean suertatu zitzaidan atzerritar batek (gu baino larre motzagoan hazitakoa) esaten zidan bera kapaz sentitzen zela edozein gairen inguruko elkarrizketari eusteko. Zenbait herrikidek ez bezala, berak eskolako pasada egin eta alfabetatzeko zoria izan omen zuelako. Baina ez zela gero hor zehar bere iritzia predikatuz joaten den horietakoa; gertakariak epaitzea edo usteak elkarbanatzea jende kualifikatuaren edo lotsagabearen eginkizuna bailitzan aditzera emanez.

Burladerotik begira, erreparo handi samarra ematen du norbere burutapenak plazaratzeak, ahoa zabaltzen duena harrika har dezaten ohitura baitago. Hala ere, irudipena dut dialektikaren artea atzendu samarra ez ote daukagun. Iritziaren hartu-emana, kontrastea... ez ote den norantza bakarreko adierazpenetara mugatzen. Artikulua luzea zela eta karaktereak zenbatu genizkion, 140 zeinutatik pasatu ez zedin. Hura ere irakurtzeko nagiaz, iragarkiz luze dirauten bideoei begira igarotzen dugu eguna, munduaren logika bertan esplikatuko digutelakoan. Postariak zenbait mila jarraitzaile baditu, edo besterik gabe begiko badugu, sermoia egia absolutua bailitzan irentsiko dugu. Baina afaritarako mahaiaren bueltan eseritakoan, ez dakit zenbateraino garen gai gure ideiak besteekin elkarbanatu, malgutasunez entzun, oinarrituz defendatu eta adostasunak erdiesteko. Kritika edo laudorio prefabrikatuak erositako prezioan saltzen dihardugu, baheketan askorik nekatu gabe.

Buruen eta aburuen komeriak, entzun nahi ezak edo ikusi ezinak, ez dira atzo goizekoak izango. Ikuspuntuak eskura bezain jatorriaren arabera sailkatuta dauzkagu, erosoa gerta dakigun saldoak diona bertxiokatu eta martxan doan bagoira igotzea. Prest gaude edonor konbentzitzeko, ziur gure usteen sendotasunean; kostatu egiten da, ordea, hurkoaren mugarriekin bat ez gatozenean norberarenak zalantzan jartzea.

Ofiziokako gaiaren modalitateak bi ikasgai interesgarri ditu: batetik, egoera baten aurrean,  jarrera edozein delarik ere, beti daudela arrazoiak berau defendatzeko edo kontra egiteko; bestetik, beharrezkoa dela ofiziokidea entzutea, nork bere argudioak haren baitan eraiki ahal izateko. Aho bat bi belarri; gutti mintza, anitz adi.