Gorde

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2023ko abe. 31a, 11:30
(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2023ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Instagramek 24 orduko iraupena duten multimedia elkarbanaketak proposatu zituenetik, istorioa eta historia, ortografiak ez ezik iraupenak ere ezberdintzen ditu: postari memoria sendoa komeni zaio, eta istorioa aldiz zernahi erakustera atrebitzen da iragankorra izango den segurtasunarekin. Kontzertuetan, otorduetan eta kirol ekitaldietan, bizipena hilezkortu nahi duten kamerariak ugaltzen dira, momentua bizi behar dela oihukatzen duten bitartean.

Sasoiko produktuak oroitzapenak baino arrazoi gehiagoz biltegiratu behar izaten dira, joritasunaren hondarrean iraungo badute. Udan belarrak eta udazkenean pago egurra sabaian jaso, neguan beheko sua piztu eta askak betetzeko. Boladaka ahaztu egiten zaigu, gure gutizia gastronomiko askoren motiboa ere, garaian ugari diren elikagaiak denboran kontserbatzea dela; marmeladatik gaztara, urdai azpikotik pasatuta. Hala ere, kontatzen dute, katagorriak gaztainak edo intxaurrak lurrean zuloa eginda ostentzen dituela, baina hurrena gosetzen denerako, ahaztu egiten omen zaio fruituak non utzi zituen.

Pentsatzen dut gurea ez dela izango badaezpadakoz beteta dagoen ganbara bakarra. Enplastutarako pasmo belarra, ekaitza denerako gorosti adar bedeinkatua, osabaren soldadutzako botak, pedalei eragin arren inora joaten ez diren bizikletak, inauterietako mozorroak, garantia bukatutako xigorgailuaren kartoizko kaxa, Gabonetako apaingarriak... Lehengo zenbait teilatupetan gurdi zorrotzak, pipiak jotako ardagaiak edo sagardo barrikak pilatuko ziren, txarrenera ere ekonomikari sartu zekizkiokeenak. Orain, berriz, garbigunea izango da ezertarako ez diren trasteen destinu. Denok ez dugu objektuekiko enpatia berbera garatzen. Geroz eta gehiagok, modaz pasatu ahala jantziak zakarrontzira botatzen dituzte aisa. Gurean, apustu egingo nuke lehen hezkuntzako noten liburuxkak aurkitu baietz, garia jotzeko makinaren bazterren batean. Edo zulatutako bizikleta kamerak, noizbait tiragoma bihurtzeko itxaropenean. Horregatik ariko zait betetzen, botatzeak pena ematen didaten alferrikako gauzen kajoia.

Ume millenial batek aurrenengoz etxean diskete bat aurkitu zuenean, galdetu omen zuen ea nork fabrikatu zuen 3D inprimagailuan gordetzearen sinboloa. Ahaztu ezkontzako albumak, VHS zintak, CDak eta pendriveak. Betiko mantendu nahi genukeen guztia lainoan dago. Eta orduan iristen da Googlen mezua esanaz biltegia beteta dagoela, eta hilero kuota ordaindu ezean dena galduko dugula.

Itxuraz egungo informazio almazenak ere ez dira nahikoa sortutako gigabyte milioi guztientzat, eta etorkizuneko joera datu digitalak DNA sintetikoan gordetzea izango da. DNA informazio genetikoa mantentzeko gai denez, ikertzaileak edukien kodifikazio egokia nola egin aztertzen ari dira. Helburua, datuak sekuentziatu eta artxibatzea izango da, gero atzera berriro irakurtzeko.

Memoriaren ahulaz kezkatuta edo, gauza garrantzitsuez ari zaizkidanean dena paperean jasotzen saiatzen naiz. Berriro irakurriko ez ditudan apunteak, berriro ezabatuko ez ditudan arren arkatzez hartuak, badaezpada. Lantokian hasi berritan, azalpenak koadernoan hartzen niharduela, lankideak purrusta egin zidan. Gaizki ari nintzela, idatzitakoa galdu egiten omen dela. Nik, berriz, konbentzituta erantzun nion, buruan gordetakoa dela ahazten dena. Orain, boladatan beldurrez egoten naiz, idazten ditudalako gogoan hartu ezin ote ditudan.