Ainara Garcia: "Argazkien atzean lana, esfortzua, kilometro asko eta lo egiteko denbora gutxi ezkutatzen dira"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko api. 8a, 11:56
Ainara Garcia argazkilaria erakusketan.

Ainara Garcia azpeitiarraren Munduko argiak erakusketa daukagu jarrita Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 7a arte egongo da ikusgai. Kolore bizi eta irudi ederreko erakusketa da.  

Munduko argiak jarri diozu izena erakusketari. Zergatik?

Azken urteotan munduko hainbat herrialdetatik argazki kamera eskuan nuela dezente bidaiatzeko aukera izan dut, eta argazkilari ia guztiok egiten dugun moduan, bazter horiek ahalik eta argi ederrenarekin harrapatzeko ahalegina egin dut. Erakusketa, lurralde bakoitzak egunero ordu jakin batzuetan azaleratzen dituen une berezi horien bilduma labur bat da.

Guztira, 12 argazki ikus daitezke. Zein duzu zeuk gustukoen eta zergatik?

Zaila da bakar batekin gelditzea, guztiek sortu baitzuten zerbait nigan klik egitera bultzatu ninduena. Baina denetatik kuttunena agian Norvegiako aurora borealarena dela esango nuke. Urteak pasa nituen aurora borealaren argazkiren bat egiteko gogoz eta pasa den urtean azkenean lortu nuen. Erakusketarako aukeratu dudan argazki horretan gainera, "auroraren aurpegia" ikus daiteke eta horrek are eta bereziagoa egin zuen une hura.
 

Batek baino gehiagok pentsatuko du egundoko pagotxa duzula, hainbeste bidaiatzeko aukera duzulako.

Egia da askoren ustez urte osoa oporretan nabilela haruntz eta honuntz, leku ederrak ezagutzen. Kanpotik ikusita beti da politagoa eta errazagoa. Baina bidaietako argazki hauen guztien atzean nahi baino askoz ere ordu gehiagoko lana, esfortzua, bidean kilometro asko eta lo egiteko denbora gutxi ezkutatzen dira.

Zeri ematen diozu garrantzia argazki bat ateratzerakoan?

Gehienbat argiari, momentuari eta koloreari. Hiru hauetxek enkoadre berdin batean sartzeko aukerak bilatzen saiatzen naiz argazki kamerarekin irteten naizen bakoitzean.