Oskar Alegria: "Errelato arrunt errealista da; pertsona bat altxor baten bila doa eta azkenean printzesa bat aurkitzen du"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko urr. 10a, 12:25

Emak Bakia izeneko etxearen bilaketa da asteburuan botako dugun filmetako baten funtsa. Man Ray artista handiak eginiko film batean agertzen zen etxearena, hain zuzen. Sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat erakutsi zituen Man Rayk. Baina bilaketa ez da erraza izango. Izena ez da artxiboetan agertzen eta egun inork ez du etxea gogoan. Horregatik, laguntzeko eskatuko zaie bestelako berriemaileei, zoriari eta haizeari kasu. Oskar Alegria kazetariak egindako filma da, eta elkarrizketa egin diogu. Zapatuan (19:00) eta igandean (21:30) Emak Bakia filma ikusteko aukera izango dugu. 

Nondik sortu zen filma egiteko ideia?

Behin, Londresen Man Rayren erakusketa bat bisitatu nuen eta sorpresa galanta hartu nuen, zeren garai hartan nik ez nekien Man Ray zinegilea zenik. Uste nuen bakarrik argazkietan ibili zela, bere negatibo jokuekin eta montparnasseko kiki famatu horren erretratuekin… Baina han, erakusketa hartan, ilunpean, bere film batzuk ere ikusgai baziren, den-denak abangoardistak, lau film guztira. Eta gainera film batek, bigarrenak, euskarazko izenburua zuen, euskara itxurakoa behintzat: Emak bakia!

Emak Bakia etxearen bilaketa kontatzen du filmak. Zergatik? Nondik dator jakinmina?

Erran bezala, sorpresa handia izan zen. Eta misterioa. Man Rayren pelikulan plano bakar batean paisaia ikusten zen eta gure lurraldekoa iruditu zitzaidan, baserri isolatuak, pareta txuriak, baina plano bakarra zen eta gainera, hogeigarren hamarkadan egina. Beraz, auskalo nondik hartutakoa zen; horrek jakingura piztu zidan. Horren haritik hasi nintzen ikertzen eta berehala are misterio gehiagorekin topatu nintzen. Batzuk diote, Man Ray Biarritzen ibilia zela, bai, eta Biarritzeko hilerrian Emak Bakia izena aurkitu omen zuela hilobi baten epitafio gisa edo. Hau da, hildako batek azken agur moduan Utzi pakean aukeratu izana bitxia edo deigarria egin zitzaion Man Rayri.

Lan erraza izan al zen?

Bideak bere on eta makurrak izan ditu, behar den bezala. Hiru urteko proiektua izan da, baina ez naiz bakarrik horretan ibili. Bertze gauzak izan ditut aldi berean eta, egia erran, libertate handiz ibili naiz tenorearen aldetik. Ene buruan biziki garbi izan dut betidanik hau ez zela presaka edo otsokolpean egin behar den filma.

Filma bilaketa errealarena al da? Alegia, bilatu eta grabatu batera egin zenuten, edo aurrena topatu egin zenuten eta gero istorioaren gidoi bat egin eta grabatu?

Bai dena errala da, erdiz erdi. Beti azpimarratzen dut hau dela surrealismoari buruzko ariketa errealista bat, eta gure errealitatea sinestezina da; batez ere Lapurdiko kostaldean, haize berezia baitago, dena magiaz eta poesiaz ukitzen duen haizea, hain zuzen.

Ia lan guztia zeuk egin duzu. Zergatik?

Hori Emak Bakia izenak barnean gordetzen duen izpiritua delako. Nik uste dut, antzinako filmekin bi motatako berreskuratze lanak egin daitezkeela. Hasteko, badago berreskuratze kimiko bat, normalean pelikulak zahartzean hondatzen direlako. Lan hori Pompidou Zentroak egin zuen orain dela hamabost urte, Man Rayren film guztiak zaharberrituz. Baina badago beste salbatze modu bat, eta hori da nik egin nahi izan dudana edo behintzat entseatu naiz. Antzinako filmaren izpiritua berpiztean datza. Pelikula baten izpiritua edo egina dagoen modua zahartzen edo kaltetzen da ere urteen poderioz. Eta kasu honetan Man Rayk libertate handiarekin lan egin zuen, merkatutik kanpo, bakardadean eta soilik plazerrak bultzatuta. Hori da nik ere berreskuratu nahi izan dudana. Lehendabiziko berreskurapena egiteko, kimikioa, nitratoa behar da; bestean, izpiritu hori salbatzeko zoria jarraitu baino ez duzu egin behar.

Zer moduzko harrera izan du filmak?

Mundiala izan da, bost kontinentetan ibili naiz pelikularekin besapean eta arrunt polita izan da Emak Bakiaren jira. Leku batzuetan, adibidez Mexikon, 5 aldiz egon da pelikula eta behin, emanaldi ostean, mexikar bat hurbildu zitzaidan eta erran zidan: "Zure pelikulak arrakasta handia izango du Mexikon". Nik zergatik galdetu nion eta berak: "Heriotzarekin oso ondo dantza egiten duelako!".

Promozio pixkat. Zergatik joan behar dugu filma ikustera?

Ez da pelikula arraroa edo abangoardista, bilaketa bat baino ez da, eta gainerat oso bilaketa xumea: gizon batek etxe bat bilatzen du eta… Lehen aipatu duguna; errelato arrunt errealista da, azken finean, pelikulak kontatzen duena da istorio guztiek kontatzen dutena: pertsona bat altxor baten bila doa eta azkenean printzesa bat aurkitzen du.