'Potologuak' ikusteko sarrerak berriro salgai daude

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko urr. 10a, 14:46

Urriaren 24an izango da Potologuak antzerki/bakarrizketa saioa Soreasu Antzokian, 22:00etan, eta sarrerak salgai daude berriz ere. 140 sarrera gelditzen dira, eta 90 salduko dira aurrez. Sanagustin Kulturgunean daude salgai. 

Urriaren 3an egitekoa zen saioa, baina parte hartzaile baten osasun arazoengatik bertan behera gelditu zen. Sarrera haiek itzultzeko epea itxita dago jada. Itzuli gabeko sarrerek urriaren 24an Soreasura sartu eta ikuskizun/bakarrizketak ikusteko balioko dute.

Bodologoekin arrakasta izan ostean Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu, Potologuak botatzeko asmoarekin elkartu dira. Euskaraz eta hain ondo funtzionatzen duen bakarrizketa formatuan dator ikuskizun berria. Umorea ardatz hartuta, gure gizarte eta harremanen analisi bat egingo dute.

Legebiltzarreko zein bileratan erabaki zen batukada euskalduna dela? Hirugarren seme/alaba aurreko bien arropa birziklatzeko enkargatzen al da? Medikuarengana azpiko erropa garbiekin ez bazara joaten zer gertatzen da? Ze premio nobelek asmatu zuen komuneko eskobilla? Zenbait opari jasotzea baino, ez al da hobe zaplasteko bat jasotzea? Taberna guztiak ixteko zergatik jartzen da Benitoren Erribera? Gizajoak ze kulpa dauka?

Galdera hauei eta beste askori erantzuna bilatzen saiatuko dira Potologuak ikuskizun berrian. Gauza bakarra dago ziur hirukote honekin. Egia? Ez. Barrea.

Iraupena: 70 MINUTU.
Aktoreak: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu.
Testuaren egileak: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu..
Zuzendaria: Anartz Zuazua.
Lekua: Soreasu Antzokian.