Kontzertuak, zuzenean musikatutako zinema eta bertsoak izan dira asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko mar. 25a, 12:32

Erniarraitzek antolatutako gazte sariketaren finala izan genuen ostiralean Sanagustinen. Bestelako doinuak entzun ahal izan ziren larunbatean DJ Refereen eskutik eta zinea bere horretan ikusteko aukeraz gain hainbat pelikuletako soinu bandak eskaini zituzten Azpeitiko musika bandako kideek igandean. Eguna amaitzeko Arkupehotsak egitasmoaren barnean Larrux bilbotarraren kontzertu intimistaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

Musika eta zinema izan dira protagonista pasa den asteburuan. Kanpoan izan dugun eguraldi onak, ordea, ez du ikuslegoa terrazatatik antzokietako ekitaldietara gerturatzea ekidin. 

Gazteen bertso saio eta sariketa izan genuen ostiralean Sanagustinen. Bertsolaritza bizi-bizirik dagoela argi geratu zitzaien bertaratu ziren guztieri. Finala jokatu zen bertan, eta giro onean aritu ziren bertsolariak kantuan. Bestelako doinuak entzun ahal izan ziren larunbat gauen kulturgunean. Iraitz Olaizola Kulturazeko kidea kultur ekitaldien argi teknikari lanetan aritzen bada ere, oraingoan musika jartzeko ardura hartu zuen DJ Refereeren izenpean. 

Igandean zinema eta zuzeneko musika uztartu zituzten Udal Musika Bandako kideek. Hainbat filmeren irudiak proiektatu eta pelikula horien soinu bandak jo zituzten zuzenean bandako kideek. John Williamsen Super-gizona edo Morriconeren Paradisu zinema bezalako luzemetrai mitikoen doinuak entzun ahal izan zituzten bertaratu zirenak. 

Asteburua amaitzeko, ordea, doinu intimistagoak entzun ahal izan ziren Sanagustin kulturgunean. Larrux Haizea Larrosa bilbotarraren ezizena da, eta hainbat musikariz lagunduta Arkupehotsak egitasmoaren bidez landutako kantak eskaini zituzten jendaurrean. Gozatu zuten zuzenekoan, aurrean izan zituzten entzuleek bezain beste, seguru.