Kontzertuak, film laburrak eta erakusketak, ostegunetik igandera bitarteko egitarauan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko api. 22a, 18:07
Neomak taldekoak, larunbatean Soreasun.

Dena asmatuta dago filma bi aldiz ikusteko aukera izan da gurean: lehen aukera ostegunean, Dinamoan; bigarrena, Laburbira zikloaren bairruan, Soreasun, beste hainbat film laburrekin batera. Musikari dagokionez, TOC eta Leihotikan taldeekin jendetza elkartu zen Sanagustinen ostiralean. Neomak taldeak, berriz, leoparino bete zuen Soreasu larunbat gauean. Doi erakusketa programaren barruko bigarren erakusketa ere ikusgai da dagoeneko, Pello Ulazia mutrikuarraren lanari tokia emanez, Sanagustin kulturgunean eta Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.

Ostegun arratsaldean Dena asmatuta dago film laburra aurkeztu zigun Jone Arriola zuzendariak Dinamoan, eta proiekzioaren ondoren solasaldia eskaini zuen bertan Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti aktoreekin. Atzo, igande arratsaldez, berriro ikusi ahal izan genuen filma Laburbiraren barruan, beste zazpi film laburren konpainian. 

Ostiral arratsaldean, berriz, DOI erakusketa programaren bigarren erakusketak ateak zabaldu zituen. Pello Ulazia artista izan genuen irekiera ekitaldian, bere obraren ingurukoak joan zirenekin konpartitzen. Kartoia, papera, guraizeak erakusketa ikusgai dago Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan zein Sanagustin kulturgunean, maiatzaren 5a bitarte.

Ostiral gauean TOC talde gazte mungiarrarekin eta Leihotikan iruindar beteranoekin izan genuen hitzordua. Adin ezberdinetako publikoa gogotsu izan zen bi tadeen kontzertuetaz gozatzeko. 

Larunbatean, berriz, Neomak taldea izan zen Soreasu antzokian. Sarrera guztiak salduak ziren larunbaterako, eta taldeak aretoetarako sortutako emanaldiarekin gozarazi zien bertaratutakoei.

Asteburuko emanaldien argazkiak ikusi nahi izanez gero,  Kulturazen Artxibategi Digitalean duzue aukera.