Boteprontoan

Kolpeak

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2023ko abe. 16a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek 2023ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bizitzaren kolpeak latzak dira. Zaila egiten zaigu egunerokotasunean daukaguna baloratzea, inguruko pertsonak mirestea eta osasunari benetako balioa ematea. Zeinen onak garen eguraldiarengatik kexatzen, lanera joateko pereza elikatzen, edo zerbait materiala puskatzen zaigunean umore txarra erakusten.

Osasunak bide kontrajarria hartzen duenean, dena aldatzen da. Lehen garrantzitsua zena, lehen buruhausteak ematen zizkiguna, gaur ez da garrantzitsua. Gaixotasunak begiak irekitzen dizkigu. Bat-batean, anbulategira edo ospitalera bueltaka ikusten gara eta ez dugu sinesten.

Beldurra agertzen da. Lasaitasuna botatzen da faltan, lo ondo egitea eta ingurukoekin planak egiteko gogoa berreskuratzea. Zaila da. Gure azalean edo ondokoarenean bizi dezakegu. Lehenago ala beranduago, gaixotasunak edonoren atea jo dezake.

Gaur indarra bidali nahi dizut. Kontrolatu ezin dena aske uzteko, gure esku dagoenari merezi duen espazioa emateko. Zainketa txikiak izango dira garaile. Emaitza ez ezagutu arren, bidean utzitako aztarnak ez dira inoiz ezabatuko. Aurrera, gure pausoak beti izango dira berezi.