Martxan da Zaparraie Azpeitiko euskara taldea, kontzientzian eragiteko prest

Zaparraie euskara taldeko kideak joan den zapatuan, kartelak jartzen. (Zaparraie)

Herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea eta euskararen erabilera sustatzea izango ditu helburu. Lehengo larunbatean egin zuen aurreneko ekinbide publikoa.

Joan den urriaren 30ean Basazabal jauregian egindako bilera irekian erabaki zen Azpeitian euskara taldea sortzea, eta azaroa antolaketako-eta kontuez hitz egiteko baliatu ondoren, martxan da taldea. Hain zuzen, Zaparraie izena du, eta lehengo larunbatean egin zuen lehenengo ekinbide publikoa, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, herrian euskarari buruzko esaldi jakin batzuen ehun kartel pasa jarrita (argazkian, taldeko bi kide kartelak jartzen).

Herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea eta euskararen erabilera sustatzea izango dira Zaparraie euskara taldearen helburuak. Ekintza zehatzak egingo ditu, garbi hitz egin nahian, hitz gutxitan.

Lan eremutzat hartuko ditu, besteak beste, hizkuntza eskubideak, hizkuntza paisaia, administrazioa, kanpaina jakinak… 

Talde motorra dauka Zaparraiek, asteroko dinamikakoa, eta sare laguntzailea osatzen ari da. Horretaz gain, harremana edukiko du herrian dauden entitate batzuekin (udala, UEMA, ikastetxeak, Urolako Komunikazio Taldea eta Euskara Patronatua) eta Azpeitiko Euskara Mahaiarekin —honek, batez ere, euskararen normalizazioa du zeregin—.

Zaparraie euskara taldeari zure aipamenak, ekarpenak, kritikak eta beste egtiteko, idatzii lasai zaparraie@gmail.com-era. Laster, taldearen sare sozialen berri emango dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide