(👎) Hizkuntza eskubideen atala sortu du Zaparraie euskara taldeak

#HizkuntzaEskubideakAzpeitia / Herritar eta eragileen kontzientzian eragiteko tresna garrantzitsua da iruzkinak eta argazkiak argitaratzea, izan salatzeko, izan goraipatzeko. Gaur argitaratu dugu lehen salaketa: Azpeitiko anbulatorioko kasu bat.

Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak hizkuntza eskubideen atalari ekin dio, ondo dauden kasuak goraipatzeko eta gaizki daudenak salatzeko Interneten eta sare sozialetan. Gaur argitaratu dugu lehen kasua; hain zuzen, salaketa bat: Azpeitiko anbulatorioko bat, euskaraz ez daudelako adierazita txandak. Duela 40 urte pasatik da EAEn euskara ofiziala, eta oraindik ere administrazio publikoan euskarak ez du estatus hori. Facebook, Instagram eta X kontuetan ere zabaldu dugu salaketa.

Zaparraieren ustez, herritar eta eragileen kontzientzian eragiteko tresna garrantzitsua da hizkuntza eskubideei buruzko iruzkinak eta argazkiak argitaratzea.

Aztertuko ditugunak: administrazioa, enpresa talde handiak (propaganda...), herriko enpresa txikiak (merkataritza, ostalaritza, industria...), herriko elkarte sozialak, eta norbanakoak (kotxe salmenta kasuak…). Salaketetan, gradua eta modua desberdina izango dira. Era berean, Azpeitiko salaketak Hizkuntza Eskubideen Behatokira eta Eusko Jaurlaritzaren Elebide-ra helaraziko ditugu, eta salaketak kalean ere egingo ditugu, hala ikusten denean.

Herritarrok zerbait ikusten baduzue salatzeko edo goraipatzeko modukoa, atera argazkia eta bidali zaparraie@gmail.com helbidera, eta argitaratuko dugu, zuen izenik jarri gabe.

Hil honen hasieran jarri genuen martxan Zaparraie euskara taldea. Helburuak: herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea eta euskararen erabilera sustatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide