Zaparraie taldea, Azpeitiko Euskara Mahaiko kide berria

Norabide berean eta elkarlanean arituz, bakoitzak bere eginkizuna eta estiloa izango ditu: euskararen normalizazioa mahaiak, herritarren kontzientziazioa Zaparraiek.

Azpeitiko Euskara Mahaiak 2024. urteko lehenengo bilera egin zuen atzo (asteazkena), eta atzotik kide berri bat dauka: Zaparraie euskara taldea. Norabide berean arituz, Euskara Mahaiak eta Zaparraiek eginkizun eta estilo propioak izango dituzte, eta, kasuan, elkarlanean eta koordinatuta jardungo dute.

Euskararen normalizazioa eta biziberritzea dira Euskara Mahaiaren helburuak. Hain zuzen, udalak iazko urtarrilean aurkeztu zuen 2023-2026 eperako Euskararen Plan Estrategikoa, eta handik hilabete batera jarri zen abian Euskara Mahaia, eragileek eta norbanakoek osatuta. Mahaiak hartu zuen plana garatzeko eta jarraipena egiteko ardura, Emun kooperatibaren laguntzarekin. Atzoko bileran aurtengo ekintza plana onartu zen.

Zaparraie, berriz, pasa den abenduan jarri zen martxan, aurrez euskalgintzako kideen arteko bilera batean hala ikusita. Herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea, eta euskararen erabilera sustatzea dira Zaparraieren helburuak.

Hauek dira Azpeitiko Euskara Mahaiko eragileak:
        •       Azpeitiko Udala.
        •       Euskara Patronatua.
        •       Urola Ikastola BHI.
        •       Karmelo Etxegarai Ikastola.
        •       Azpeitiko Ikastola Ikasberri.
        •       Iraurgi Ikastetxea.
        •       UEMA.
        •       Zaparraie euskara taldea.
        •       UKT Urolako Komunikazio Taldea.
        •       Kulturaz kooperatiba.
        •       Uztaro haurreskola.
        •       Zutarri Karmelo Etxegarai Ikastolako guraso elkartea.
        •       Azpeitiko Ikastola Ikasberriko guraso elkartea.
        •       Iraurgi Ikastetxeko guraso elkartea.
        •       Hitano lantaldea.
        •       Udaleko Gazteria departamentua.
        •       Udaleko Hezkuntza departamentua.
        •       OB aholkularitza.
        •       Herritar norbanako batzuk.

Argazkian, Euskara Mahaiko kideak, atzo, Basazabal jauregiko bileran. / Uztarria

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide